Herriko Gazte Asanbladak eskatuta, garagardogintza tailerra eman zuten otsailaren hasieran Mendaroko Motxaila Beer garagardo artisauaren ekoizleek, eta ikastaro hartara batu zirenek taldean ekoitzitako garagardoa dastatu zuten joan zen zapatuan Gaztetxean, garagardo artisauen ferian.
Garagardo bat eskatu du Mikel Tellabidek elkarrizketa hasterako, eta Deep Inside iluna ekarri dio zerbitzariak. “[Gordexolako] Laugar Brewery artisau garagardo ekoizleak eta Kataluniako Cerveces Las Pirata ekoizleak elkarlanean ekoitzitako garagardoa da. Garagardo artisaua”, zehaztu du. Garagardo komertzialen aldean, artisauak mila aldiz nahiago dituela dio, eta zorionez, gero eta taberna gehiagotan eskaintzen dituztela. “Garagardo artisauen aukera handia dago”. Horietako bat da Motxaila Beer, Altzola Berazeta baserrian ekoizten dutena. Duela bi urte inguru ekin zioten ekoizteari, etxean eta etxerako, Internetez erositako oinarrizko kit bat erabilita. “Hutsa” zekiten hasieran, baina irakurriaren irakurriaz, saiatuaren saiatuaz eta probatuaren probatuaz, lortu dute gustuko garagardoa ekoiztea eta lau garagardo motaren errezetak ixtea. Asko uste gabe hasi ziren garagardogintzan eta Tellabidek aitortu du eurek ere harrituta daudela egin duten bideaz eta Motxaila Beer garagardoak izan duen estimazioaz.
• Etenaldia eta instalazioak egokitu beharra
Etxerako ekoizten hasi ziren, baina berehala hasi zitzaizkien bueltakoak eskean, eta konturatzerako, etxerako botilarik gabe gelditzen hasi ziren. “Aurreikuspenik egin gabe jardun gara beti, baina egia da gutako inork ez zuela uste Motxaila Beerrek horrenbesteko estimazioa izango zuenik”. Ekinaldi bakoitzean 80 bat litro botilaratzen dituzte orain (200 bat botila), eta eskariari erantzuteko, ia domekero jardun dira garagardogintzan azkeneko aldian. Hain justu ere, horrek, eskabide handiari erantzuteko jaiegun asko lotuak izateak eta produkzioa handitzeko instalazioak egokitu beharrak, etenaldi bat egitera eraman ditu, euren Facebook orrialdean jaso duten bezala: “Azkenaldian hainbat erabaki hartzen ibili gara eta instalazioak hobetu eta garagardogintza prozesua errazteko asmoz, garagardogintzan etenaldi bat egitea erabaki dugu. Ahal bezain laster bueltatuko gara”. “Nork esango liguke gaur halako egoeran egongo ginenik!”, bota du.
• Sorrera eta izena
2017ko Motxaila Eguneko bazkalostean egosi zen Motxaila Beer garagardoa sortzeko ideia. “Eta jakina, Motxaila Egunak berak eta izen bereko beste zeinbat gauzek moduan, honek ere Alainen [Ulazia] zigilua dauka. Iñakik [Lazarobaster] aitatu zidan niri, bazkaloste hartan. Enbidoa jo zion Lazarobasterrek eta birritan pentsatu gabe eman zion baietza lagunak. “Ingeniari kimiko bat behar zuela bota nion erdi txantxetan, eta hartu hark!”. Eta konturatzerako, Motxaila Beer whatsapp taldea sortu zutela iritsi zitzaion Tellabideri sakelakora. Izena bazuen ordurako garagardoak, eta luze barik ekin zioten hiru lagunek informazioa batzeari, nork bere aldetik. “Interneten dena dago gaur egun, eta ez zitzaigun hain zaila egin behar genuen dena eskuratzea.
• Garagardo horia ala ilunarekin hasi?
Logikoena garagardo horia ekoizten hastea zen, baina guk dozenaka garagardo mota probatu genituen lehenengo, geure gustukoena apartatu eta haren trazakoa egin nahi genuelako. Konturatu ginen garagardo iluna gustatzen zitzaigula denoi gehien, eta hura ekoizten hasi nahi genuen. Hain geunden ilusionatuta, zailenarekin probatzeko ere prest geundela”. Internetez erositako kit-a, baina, garagardo horia egitekoa zenez eta euren buruengan konfiantza larregirik ere ez zutenez, “hobeto pentsatu” eta aurrena, horiarekin saiatzea pentsatu zuten. “Eta sekulako sorpresa hartu genuen edateko moduko garagardoa lortu genuela ikusi genuenean. Fregaderako zulotik behera bota beharko genuela sinistuta geunden gu geu ere, baina garagardoa zen, edan zitekeen, eta sekulako poza hartu genuen”.
• Arrakasta Kontzezio Azokan eta santanetan
Banatu zituzten botilak lagunen artean, hartu zituzten kontuan batzuek eta besteek egindako ekarpenak, jolastu ziren apur bat errezeta erabat itxi arte, eta lortu nahi zuten horretara gerturatu zirela jabetu zirenean, langa maila bat gorago jarri zieten euren buruei: azokara eramatea. “Hain geunden emozionatuta, azeleratu egin ginela. Ekainean hasi eta abendurako Kontzezio Azokan geunden saltzen [2017]. Garagardo txigortua eta beltza eraman genituen, garagardo horia egiteko astirik ez genuelako izan. 250 bat botila eraman genituen, eta denak saldu genituen!”. Jendea gehiagoren eske hasi zitzaien, gainera, eta apustu handiagoa egin zuten: 2018ko santanetan txosnan saltzea. “Garagardo horia eraman genuen, baina gureak zein harrera izango zuen ez genekienez, badaezpada, beste garagardo artisau bat ere eskaini genuen txosnan”. Eta zer diren kontuak! Kontsumitu zen garagardoaren %80 inguru Motxaila Beer izan zen. “Sekulako lotsarekin joan nintzen beste garagardo botila guztiak entregatzera gero, neuk egin nuelako tratua. Ez nuen halakorik espero!”, dio horren harira. Abenduan, mahaia jarri zuten atzera Kontzezio Azokan. Lau garagardo mota eraman zituzten, 600 bat botila. “Sobratzen zitzaizkigunekin Elgoibarko Gabon Zahar Feriara joatea pentsatu genuen, baina denak saldu genituen”.
• Ura, Motxaila Beer-en ezaugarri bereizgarria
Herrira mugatzen dute momentuz salmenta, nahiz Elgoibarko taberna batetik iritsi zaien eskabidea. “Konturatu gara gain hartzen ari zaigula kontua eta momentuz herrirako ekoizten dugu. Erantzun ahal izango genioke beharbada azken eskabide horri, baina epe motzean produkzio-arazoak izango genituzke, eta ez du merezi”. Horregatik egin dute produkzioan etena. Altzola-Berazetan ekoizten dute Motxaila Beer, eta administraziotik eskatutako betebeharretara egokitzen ari dira orain lokala. Harreman batzuk ere egin dituzte inguruko garagardo ekoizle batzuekin eta aztertu dituzte garagardo artisauetan erreferente direnak, “geurea hobetzeko asmoz”. “Garagardoa gustuko duenak badaki antzekoak izanda ere, garagardo guztiek dutela euren berezitasuna. Gureak ere badu”. Etiketa gabeko dozenaka botila jarrita ere, Motxaila Beer zein den zalantza handirik gabe identifikatuko lukeela dio: “Bai, oker handirik gabe”. Bitxia dirudi, baina ura da Motxaila Beer-en ezaugarri bereizgarria. “Garagardoa kopuru handi batean ura da, eta guk Etungo ura erabiltzen dugu. Altzola Berazeta ondoan dagoen iturritik hartzen dugu, ezaugarri jakin batzuetako ura da, eta sinistuta gaude hori dela gure bereizgarria”. Edozer dela ere, zerbait badu, eta horren jakitun, Mendaroko Gazte Asanbladak garagardogintza tailerra antolatu zuen otsaila hasieran, joan zen asterako iragarria zuten garagardo artisauen feriaren prebia gisa. Mikel Tellabidek eman zuen ikastaroa, Iñaki Lazarobasterrek eta Zitoritz Urainek lagunduta, eta hogeitik gora lagun elkartu ziren. 60 bat litro garagardo ekoitzi zituzten (150 bat botila) eta joan zen zapatuko ferian edan zituzten denak. “Ez nuen uste nik Gaztetxeko baldintzetan egindako garagardoa hain ona irtengo zenik. Ur gabe gelditu ginen, eta garagardo trinkoa irten zen, zazpi gradukoa, baina oso zapore onekoa”, azaldu du Tellabidek. Irakasleak ez ezik, ikasleak eta antolatzaileak ere gustura ziren. Etorkizuna badu.