Gazteei lana bilatzen laguntzeko egitasmoa abiatu du Debegesak

Barren.eus 2019ko mar. 18a, 17:22

Goi mailako ikasketak dituzten 20 eta 44 urte bitarteko gazteei lana bilatzen laguntzeko Hazilan egitasmoaren seigarren ekitaldia jarri du martxan Debegesak. Maiatzean hasiko da, eta partaideek euren neurrira egokitutako prestakuntza jasoko dute.

Hazilan egistasmoan parte hartzen duten lagunek euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute lehenik, eta gero, enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Debegesa garapen agentziak jakinarazi duenez, orain arte Debabarrenean egin dituzten bost edizioetan 66 lagunek hartu dute parte (39 emakumezkok eta 27 gizonezkok), eta horietatik 41ek lana aurkitu dute programa amaitu eta lehen sei hilabeteren barruan. 

Egitasmo honi buruzko informazio saioa antolatu dute martxoaren 28rako. 11:00etan izango da, Eibarko Armeria Eskolako patioan, #Abian Lanbide Heziketa Azokaren baitan. Programan parte hartzeko Debegesaren webgunearen bitartez eman daiteke izena.

 Lotura duten albisteak: