Guztira, Lanbidek, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, 23 diru-laguntza – 27.000 euro – bideratuko ditu eskualdean. Horietako hamabost, enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira; eta beste zortzi diru-laguntza banatuko ditu Debegesak ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten. Langabezian egotea ezinbesteko baldintza izango da diru-laguntza eskuratzeko.
Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dituzte baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.
Diru-laguntza hauek bideratzeaz gainera, Debegesak aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei.
Eskabidea egiteko epea otsailaren 25etik martxoaren 1era bitarte izango da zabalik eta eskaerak Debegesan aurkeztu behar dira. Bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago Debegesaren webgunean, debegesa.eus. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.
Xehetasunak azaltzeko eta zalantzak argitzeko, diru-laguntza hauei buruzko informazio saio irekia emango du Debegesak bere egoitzan barixakuan, otsailak 22, 12:00etan.
• Hamazpi enpresa berri 2018an
Debegesa Garapen Agentziako enpresa proiektu berrien sustapenerako zerbitzuak iaz 17 enpresa berri sortzen lagundu zuen Debabarrenean, aurreko urtean baino enpresa bat gehiago.
Debegesatik jakinarazi dutenez, negozio berri hauek, orain artean, 61 lanpostu zuzen sortu dituzte. "Azken datu hau aurreko urteetakoa baino nabarmen hobea da, hein handi batean, iaz Debegesaren laguntzarekin burutu ziren bi enpresa-transmisio prozesuei esker", azaldu dute.
2018an, denera 97 pertsona hurbildu ziren Debegesako bulegoetara enpresa bat sortzeko informazio eta aholkularitza eske. Kontsulta horietatik guztietatik 22 proiekturentzako bideragarritasun plana landu zen, eta azkenik, 17 enpresa-jarduera berri abiatu ziren.
Gazteak dira gehienbat jarduera berriei ekin dieten ekintzaileak, 45 urtez azpikoak, eta ia erdia emakumezkoak dira, ekintzaileen %41, hain zuzen. Halaber, gehienek, goi mailako eta maila ertaineko prestakuntza dute, %76k.
Enpresa berri hauek arlo askotarikoak dira, baina zerbitzuen sekoreko enpresak nabarmentzen dira, %47arekin. Halere, azpimarratzeko datua da enpresa berrien artean %18 industria sektorekoak direla. Merkatariza arlokoak dira enpresen %29; eta ostalaritzakoa %6a.
- Informazio osoagoa: debegesa.eus