Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Partzuergoak Mendaron izango du egoitza

Barren.eus 2019ko urt. 10a, 15:33

Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Euskadiko Zentro Teknologikoek osatu duten erakundea da Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Partzuergoa eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuak abenduaren hondarretan zentro teknologikoetako arduradunei jakinarazi zienez, partzuergoak Mendaron izango du egoitza, Kurutz-Gain industrialdeko 10. zenbakian.

Zentro teknologikoen lana ezagutarazi, enpresen arteko harremanak sendotu eta nazioartean nazio irudi bat zabaltzea ditu helburu nagusi partzuergoak. “Europako Batasunean berrikuntza maila handiko eskualdetzat ezagutzen da Euskadi eta posizio hori mantendu eta indartu nahi dugu. Eta pentsatzen dugu partzuergo honen bitartez bide egokia hartzen dugula”, adierazi zuen martitzenean Arantxa Tapiak agerraldi publiko batean. Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Partzuergoak Basque Research and Technology Alliance izena hartuko du, BRTA akronimoa. Joan den urriaren 8an onartu zituzten Basque Research and Technology Alliance-BRTA erakundearen estatutuak. Hasierako aurrekontuari dagokionez, Administrazio Orokorrak 500.000 euroko ekarpena egingo du, SPRIk 100.000 euroko ekarpena, eta agente teknologikoek 400.000 euroko ekarpena.

Zientzia eta teknologiaren aterkipean 3.500 lagunek lan egiten dute Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian eta urtean 290 milioi euroko diru-sarrerak sortzen ditu.

2019 01 10 kurutz gain industrialdea mendaro