Gabon Zahar Feria abenduaren 29an izango da aurten, eta feriaren barruan antolatzen dituzten lehiaketen artean, Urteko Gaztaren XII. Txapelketa. Elgoibarko Gabon Zaharretako Saria 2018 izango da esanguratsuenetarikoa, urteko gazta txapeldunen artean txapelduna aukeratzen duen gazta lehiaketa prestigiotsua.
2018an antolatutako eta Jatorri Izendapeneko Kontseilu Erregulatzaileak araututako ardi-gazta lehiaketaren batean irabazi duten gaztagileek parte har dezakete Urteko Gazta Txapelduna lehiaketan. Aurten hamar gaztagilek irabazi dute txapelketaren bat, gutxienez, honako hauek:
- La Leze (Ilarduia): Deba, Bergara, Intxaurrondo eta Agurainen eginiko txapelketak irabazi ditu.
- Jose Luis Odriozola (Aia): Bilboko eta Elgoibarko txapelketetako irabazlea.
- Ipiñaburu: Azpeitiako gazta-lehiaketako irabazlea.
- Jesus Mari Ansola, Mausitxa (Elgoibar): Araia, Plentzia eta Euskal Herriko Gazta Txapelketetako irabazlea.
- Kortaria (Lekaroz): Uharte-Arakil eta Ordiziako gazta lehiaketetako irabazlea.
- Patxi Otaegi (Beizama): Legazpiko irabazlea.
- Unai Lekuona (Araia): Amurrioko irabazlea
- Joseba Baseta (Atxondo): Azpeko irabazlea.
- Azkarra (Galarreta): Gernikako irabazlea.
- Jose Ignacio Ugartemendia (Berategi): Eibarko irabazlea.
•Elgoibarren aurkezteko gaztarik gabe
Araiako gaztagile Unai Lekuonak ezin izango duela parte hartu jakinarazi die antolatzaileei, aurkezteko gaztarik ez daukala-eta. Urte sasoi honetan gazta gutxi gelditzen zaizkie gaztagileei eta alerik onenak gordetzen dituzte Elgoibarkoa moduko lehiaketetan aurkezteko. Lekuona, baina, aurreneko aldiz sailkatu da Urteko Gazta Txapelduna lehaketara, irailean Amurrioko gazta-lehiaketa irabazteagatik, eta ez du gaztarik gorde. Antolatzaileek gaineratu dutenez, Atxondoko Joseba Basetak ere antzerako zailtasunak ditu, baina aleren bat topatuko duela agindu die. Gaztagileek Elgoibarko udaletxea aurkeztu beharko dituzte gaztak abenduaren 29an, 11:30ak baino lehenago. 12:00etan hasiko da lehiaketa udaletxeko pleno aretoan eta epaimahaikideen lana bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute hala nahi dutenek. Irabazleak 1.500 euroko saria, txapela eta garaikurra jasoko ditu.
•La Leze txapeldun azken bi urteetan
Iaz La Lezek (Ilarduia, Araba) aurkeztutako gaztak irabazi zuen Urteko Gazta Lehiaketa. Arabarrek bigarren urtez jarraian irabazi zuten txapeldunen artean txapelduna aukeratzen duen gazta lehiaketa. Aurten ere fanoritoen artean izango dira, beste behin ere, txapelketa gehien irabazi baitituzte bukatzear den urtean, lau guztira. Bestetik, gaztagile esanguratsuen falta igarriko dutela aurten azaldu du Kalamua elkarteko Agustin Irustak, Elgoibarren birritan irabazitakoa den Eulateko artzain Ricardo Remiro edo Aizpeako gaztak ez baitira Elgoibarren lehiatuko aurten, ez baitute txapelketarik irabazi 2018an.