Cruz Arriola enpresaria zendu da

Barren.eus 2018ko abe. 17a, 15:13

Cruz Arriola Albizu enpresari elgoibartarra zendu zen bart, Elgoibarko enpresari historikoa eta estimatua. Lagun, Geminis eta Maherhoding enpresak sortzeaz gainera, IMH sortzen lagundu zuen. AFMko presidentea izan zen 1962an, eta presidente ordea hainbat urtean Adegin zein Gipuzkoako Merkataritza Ganbaran. 2000 urtean XX. mendeko Gipuzkoako enpresari onenaren saria eman zioten.

IMHtik jakinarazi dutenez, asko zor diote Cruz Arriolari. Lagun enpresako buru zela asko eta "sendo" lagundu baitzien IMH sortzen. "IMHri asko eman zion pertsona saiatua eta aparta joan zaigu bart, gaixotasun luze baten ondoren. IMHko lehen patronatuko kidea izan zen. Gure memoria historikoan betirako izango dugu. Gure elkartasuna eta maitasuna familiari. Agur eta ohore Cruz Arriola Albizu!", adierazi dute ikastetxeko arduradunek. 

Cruz Arriola Albizu 14 urterekin hasi zen lanean Sigma lantegian. Herola esportazio enpresa sortu zuen beste lankide batzuekin 18 urte zituenean. Enpresa bat baino gehiago sortu zituen enpresari ibilbide luze eta oparoan: Lagun enpresa sortu zuen 1952an eta Geminis 1959an. AFM makina-erremintaren klusterreko presidentea izan zen urte batez, 1962an. 1974n Maherhoding-eko fundatzaileetako bat izan zen, administrazio kontseiluko presidentea luzaroan; eta, ondoren, ohorezko presidentea. 1982tik 1995ra bitartean Adegiko, Gipuzkoako enpresarien patronaleko, presidenteordea izan zen. IMHko Fundazioa eratu zenean, 1989an, enpresa fundatzaile eta IMHko Patronatuko enpresa ordezkari moduan parte hartu zuen 1995 urtera arte, erretiroa hartu zuen arte. Gipuzkoako Merkataritza Ganbarako presidente orde kargua ere bete zuen. 2000 urtean XX. mendeko Gipuzkoako enpresari onenaren saria eman zioten.
IMHk 20. urteurrena ospatu zuenean (2010eko urtarrilean) omenaldia eskaini zion Cruz Arriolari eta ondorengo bideoan jaso zuten: