Talo tailerra egingo dute hileko azken zapatuko azokan

Barren.eus 2018ko aza. 23a, 09:09

Hileko azken zapatua da bihar, eta ohi legez, nekazaritza eta abeltzaintza feria egingo da Elgoibarren, Udalak eta Debemenek antolatuta. Sanlo eskubaloi taldeak kudeatuko du txosna eta talo tailerar eskainiko du Debako Lastur auzoko Maitane Beristainek

9:00etan zabalduko dute azoka, eta baserrietako produktuak erosteko aukera egongo da Kalebarren plazan. Aita Agirre plazan, berriz, ganadu erakusketa egingo da. 11:00etatik aurrera Sanlo EKT elkarteak herriko ekoizleen produktuekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera izango da txosnan. Sanlokoek gainera, bazkideei abonatu txartelak banatzeko aprobetxatuko dute.

12:00etan, berriz, kantura irtengo dira Kale Kantariak, eta 12:00etatik 14:00etara, talo tailerra egingo dute Kalebarrenen bertan. Lasturko aterpetxeko Maitane Beristainek emango du tailerra. Debako Lastur bailaran taloa nola egiten den ikasteaz batera, dastatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.