'Bizi bizixa' kanpainako 300 otarrak bi egunetan agortu dira

Barren.eus 2018ko urr. 26a, 13:01

Elgoibarko Udalak martitzenean aurkeztu zuen tokiko merkataritza sustatu eta plastikoa gutxitzeko Elgoibar Bizi Bizixa kanpaina, eta arrakasta izan du herritarren artean. Merkatu plazako postuetan 10 eurotik gorako erosketa eginda zumezko otarre bat oparitzen zuten, eta bi egunetan agortu dira..

Azoka plazan dauden hiru saltoki finkoetan zumezko 300 otarra banatu dituzte, 10 eurotik gorako erosketa egiten zuten lagunen artean. Saltoki bakoitzak 100 otarra zituen. Eguaztenean hasi ziren otarrak banatzen eta gaur denak agortuta zeuden. Merkatu plazako ohiko bezeroren bat edo beste penaz eta kexu ziren, otarra eskuratuta gabe gelditu direlako. Elgoibarko Udaleko arduradunek jakinarazi dutenez, saltzaileekin adostu zuten banatuko zituzten otarra kopurua eta ez dute gehiago banatzeko asmorik. "Gure asmoa ez da herritar guztiei otarrak banatzea. Tokiko merkataritza sustatu eta plastikoaren erabilera gutxitzeko zenbait bitarteko jarri; eta, batez ere kontzietzietan eragitea da kanpaina honen helburua. 2019an ere egingo ditugu, ildo beretik, antzerako kanpaina gehiago". Kanpaina izaten ari den harrerarekin pozik daude. 

Otarrez gain, oihalezko poltsak banatuko dituzte bizilagunen bat bizi den herriko etxebizitza guztietan, plastikoaren erabilera murrizteko. Azkenik, merkatu plaza barruan erosketetarako zortzi orga jarri dituzte herritarren eskura, herriko edozein dendatan egiten diren erosketak garraiatzeko. Izan ere, Elgoibar bizi bizixa kanpainak hiru lan-ildo ditu oinarri, hiru helburu zehatz lortzeko: tokiko komertzioa sustatzea, erosketak garraiatzea erraztea eta plastikozko poltsen erabilera gutxitzea.