Elgoibarko artisauen azoka egingo dute asteburuan Maalako parkean

Barren.eus 2018ko urr. 26a, 10:04

Azken urteotako ohiturari jarraituz, urriko azken zapatuan kalera irtengo dira Elgoibarko artisauak, euren lanak erakustera. Artalde Artisau Taldeko kideek eskuz eginiko hainbat eta hainbat produktu eskainiko dituzte, eta produktu horiek nola egiten dituzten ikusteko aukera ere izango da.

Artalde taldea aurten egituratu dute elkarte moduan. Hogei bat artisauk osatzen dute taldea, eta denetariko eskulanak egiten dituzte: bitxiak, egurrezko lanak, xaboi naturalak, oihal gaineko margolanak... 

 • Bi eguneko azoka
Urriko azken zapatuan egiten hasi ziren Elgoibarko artisauen azoka 2014an, eta aurten ere halaxe egingo dute. Orain arte egun bakarrekoa izaten zen azoka, baina aurten, kintoen egun bereziarekin bat egin du, eta hori baliatuta, Udalak aukera eman die artisauei azoka bi egunez jartzeko. Amaia Erkizia Artalde Taldeko lehendakariarek esan du taldeko kide batzuei gehiegizkoa iruditu zaiela bi eguneko azoka antolatzea, eta horregatik, artisau gehienak zapatuan bakarrik egongo direla adierazi du. Azoka egun osokoa izango da bai zapatuan eta baita domekan ere, 11:00etatik 19:30era.
 • Azoka, plazarik onena
Aurretik Trinitate Jaietako azokan hartzen zuten parte, baina norberak bere kontura, eta askotan, ez zen denentzako lekurik izaten. Horri irtenbidea eman eta Elgoibarko artisau lanak plazara ateratzeko helburuarekin sortu zuen Elgoibarko Udalak azoka berezi hau. Amaia Erkiziak esan du eskertzekoa dela Udalak ematen dien aukera, izan ere, artisauek egiten dituzten lan guztiak erakusteko aukera bikaina zaie azoka: “Artisau lan batzuk dendetan jarri daitezke salgai, baina azokak egiten ditugun lan guztiak erakusteko aukera ematen du”. Gaur egun sare sozialen bidez saltzen dituzte gehienek euren produktuak. Erkiziak berak asko saltzen du Facebook edo Instagram bidez, eta badaki taldeko beste hainbat kidek ere erabiltzen dituztela sare sozialak: “Lan egin behar da saltzeko, eta sare sozialek aukera ona eskaintzen dute, baina horrekin bakarrik ez da nahikoa. Azokak produktua ikusi, ukitu eta probatzeko aukera ematen dio bezeroari, eta hori ezinbestekoa da”. Urtean bi aldiz irteten dira kalera Elgoibarko artisauak, urriko azken zapatuan eta Gabon Zahar Feria egunean.

Urriak 27, zapatua

  • Bihotza
  • Edurne Askasibar
  • Emi Nogales
  • Ana Mosacula
  • Bitxi Bitxi
  • Xarlem Creations
  • Enara Gorostiza
  • Bizi Bitxi Bizi
  • Azpi’s bag
  • Magi Bitxiak
  • Zu + Ni
  • Nieves Maidagan


Urriak 28, domeka

  • Ana Mosacula
  • Edurne Askasibar
  • Amalur
  • Azpi’s bag

2018 10 26 artalde artisau azoka maala