Elgoibarren banaketa guneak Merkatu plazan (kasu honetan online ere eska daiteke) eta Elgoibar Ikastolan izango dira. Mendaron ez da izango banaketa gunerik.
Aurten, 23 etxek eskainitako produktuak eskainiko dituzte, eta otar bakoitza 50 euroan salduko dute. Eta aurreko edizioetan egin izan duten moduan, batzen duten diruaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat izango da. Eskaerak bi modutara egin ahal izango dira: Tokian tokian banatuko dituzten eskuorriak betez edo, Internetez, Errigoraren webgunean sartuta (errigora.eus). Errigoratik jakinarazi dutenez, kanpaina 200 bat herritan egingo da, eta 700 puntu inguru egongo dira eskaerak egin eta kutxak jaso ahal izateko.
• Errigora, euskalgintzarentzako arnasa
Bost urte bete dira Errigora sortu zutenetik. 2012ko udazkenean, 34.000 euro lortu zituen Zazpiak Bat Harreman Sareak, Nafarroa hegoaldeko bi ekoizleren produktuak salduta, eta haren jarraipena da Errigora ekimena. 2013ko urrian aurkeztu eta abiatu zuten, AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzenekin batera. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka leloa erabili zuten kanpaina hartan, eta 8.000 otar baino gehiago banatu eta 112.000 euro batu zituzten Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarentzat. Urte berriarekin, kontsumo-ohituretan eragiteko planteamendua egin zuten, udazkeneko kanpainaren emaitza onek hauspotuta, eta hemen bertako produktuei lekua egiteko bidea eskaintzeko asmoarekin, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina proposatu zuten. 30.000 litro olio eta 50.000 kontserba ontzi saldu zituzten kanpaina hartan. Ordutik, beste lau urtean egin dute kanpaina eta egitasmoaren inguruan osatu den komunitatea nabarmen hazi da. Gero eta kontsumitzaile eta ekoizle gehiago batu dira komunitate horretara, eta boluntario-sarea ere handitu da. Bost urte hauetan 800.000 euroko ekarpena egin dio Errigorak Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari, eta ahalegin handia egin du nekazariak, ekoizleak eta bezeroen arteko harremanak indartzen. Gaur, aurtengo kanpaina aurkeztearekin batera, urteotan euskalgintzari emandako dirua zertan erabili den azaldu dute. Hizkuntza eskubideei dagokienez administrazioak gutxiespen tratua eman dio Nafarroa hegoaldeari eta Errigorak batutako diruak euskalgintzaren dinamikei bizirik eusteko balio izan du. Baina gehiagorako ere eman du. Erriberako AEKn, adibidez, ikasleei matrikula arintzeko beka-sistema jarri dute martxan diru-ekarpenaren parte handi batekin, eta sistemak eman du fruitua: 2013-14 ikasturtetik 16-17kora %70 hazi da matrikulazioa Goi eta Behe Erriberan. Ikastolak ere ezinbesteko tresna dira herritarrak euskalduntzeko, eta Vianako Erentzun, Lodosako Ibaialde eta Tuterako Argia ikastolei ere ekarpen polita egin die Errigorak. Arnasa lasaiago hartu ahal izateko balio izan dire orain arte bildutakoak eta baita beharrezko konponketak egin eta azpiegiturak atondu eta ezinbesteko materiala eskuratzeko ere.
Sortzenek, berriz, euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzeko erabili du urteotako diru-ekarpena. Lehenengo fase batean, Euskaraz Bizi eta Ikasi herri-ekimenak sortu eta hauspotzeko erabili zuten dirua, eta bigarren fase batean, 2015etik aurrera, D ereduaren aldeko kanpaina zuzenak egiteko. Eta saiakera horri esker, D ereduko taldeak sortu dira Tafallan, Lodosan, Kaparroson, Allon, Antzinen, Erriberrin, Sesman, Azkoienen eta Barasoainen.
∞ Lotura duten albisteak: