Elgoibar Bizi-Bizixa 2018 kanpaina tokiko ekonomia jasangarri baten alde egiten duen ekimena dela azaldu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. "Ingurugiroarekin eta erosketak herriko saltokietan egiteak duen garrantziarekin kontzientziatuta dagoen herri bat izatea nahi dugu, komertzioak baitira Elgoibar bizi mantzentzen dutenak", esan du kanpaina aurkezteko egin duten prentsarako agerraldian.
Gertuko komertzioa sustatzeaz gain, kanpainak plastikozko poltsen erabilera murriztea bilatzen duela gaineratu du Sustapen Ekonomiko eta Enplegu zinegotzi Unai Arizmendiarrietak. "Dendarien zein bezeroen eguneroko praktikak hobetzea nahi dugu", esan du.
• Hiru lan-ildo, hiru helburu erdiesteko
Kanpainak hiru lan-ildo ditu oinarri, hiru helburu zehatz lortzeko: tokiko komertzioa sustatzea, erosketak garraiatzea erraztea eta plastikozko poltsen erabilera gutxitzea:
- Azoka plazan dauden hiru saltoki finkoetako batean (Sara, Amaia eta Arantxa eta Marian) 10 eurotik gorako erosketa egiten duten pertsona guztiei zumezko otarre bana emango diete, eguneroko erosketetan erabiltzeko. "Hala, tokiko kontsumoa sustatu, eta ondorioz, plastikozko poltsen gehiegizko erabilera sahiestuko da". Guztira 300 otarre banatuko dituzte.
- Azoka plaza barruan (San Frantsizko kaleko sarrera nagusian, eskuinean) erosketetarako zortzi orga jarri dituzte elgoibartarren eskura, herriko denda guztietan egiten diren erosketak garraiatzeko. Alegia, orgentzako aparkaleku modukoa izango da Merkatu plazakoa eta herriko edozein saltokira eraman daitezke. Orgak erabiltzen dituztenek etxera eraman, eta egunean bertan edo biharamunean itzultzeko aukera izango dute.
- Udalak oihalezko poltsa bat banatuko du bizilagunen bat bizi den herriko etxebizitza guztietan. Gaurtik eguenera bitartean banatuko dituzte poltsak (gorri kolorekoak eta Udalaren logoarekin) herritarren postontzietan. "Poltsa honekin lortu nahi duguna da ingurugiroarekin adeitsuagoak izatea, eta bide batez, plastikozko poltsen gehiegizko kontsumoa murriztea. Eta, beste alde batetik, herriko ekonomiari laguntzeko modu bat da elgoibartarrak Elgoibarren erostera eta kontsumitzera bultzatzea".
• Estrategia bateratuak eta lankidetza
Elgoibarko Udalak 10.000 euro baino gehiago bideratu ditu guztira kanpaina honetara. "Udalak badaki tokiko komertzioa balioan jartzen jarraitzeak duen garrantzia handia dela, eta baita estrategia bateratuak martxan jartzea garrantzitsua dela ere. Lankidetza honen eredu dira adibidez Txankakua merkatarien elkartearekin edota Barren azoka elkartearekin urtero sinatzen diren hitzarmenak, non 13.000 euro baino gehiago bideratzen diren urte osoan jarduera desberdinak antolatzeko, tokiko komertzioa lehiakorragoa, kalitate handiagokoa eta hurbilagoa izan dadin. Aipatu beharra dago ere, eremu honetan beste pauso garrantzitsu bat ari dela ematen Udala herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea garatzeko eta sendotzeko helburua duen modernizazio eta lehiakortasun planari esker (MPB, Merkataritza Biziberritzeko Plan berezia)".