Mausitxa baserrira bisita gidatua egingo dute Debabarreneko Gaztaren Astearen barruan

Barren.eus 2018ko urr. 16a, 17:41

Debabarreneko Gaztaren Astea antolatu dute Debemenek, Eibarko Udalak eta eskualdeko hainbat gaztandegik, tartean Elgoibarko Mausitxak. Urriaren 19tik 28ra bitartean gaztarekin zerikusia duten hainbat ekintza egingo dituzte. Horietako bat izango da Mausitxa baserrira zapatuan egingo duten bisita gidatua.

Abeltzainen bizimodua eta gaztak egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da hirugarren Debabarreneko Gaztaren Astean. Lehen bisita gidatua zapatu honetan, urriaren 20an, egingo dute Elgoibarko Mausitxa baserrira. Ordubete inguruko bisita izango da, doakoa, eta Mausitxako gazta dastatzeko aukera izango da gainera. Interesatuek Debemenen (Debabarreneko Landa Garapen Elkartea) bulegoan (Merkatu plazan) eman behar dute izena edo telefonoz (943 744 067). 11:00etan izango da bisita, eta euskaraz emango dituzte azalpenak.

  • Gaztarekin jolastuz, Show Cooking eta dastaketa
Debabarreneko artzaintza eta eskualdeko artzainek egiten duten lana ezagutzera emateko eta balioan jartzeko beste hainbat ekintza antolatu dituzte Gaztaren Astean. Gaztarekin jolastuz, Show Cooking eta dastaketa izango da aurrenekoa, barixaku honetan, urriaren 19an. Eibarko udaletxeko patioan egingo dute, 19:15etik 20:30era. Mikel Garaizabal enologoak eta Oskar Treviño sukaldari eibartarrak eskualdeko gaztekin, txakolinarekin eta sagardoarekin egindako Show Cooking-a eskainiko dute. Euskaraz emango dituzte maridajeari buruzko azalpenak. Debaldekoa bada ere izena eman behar da Debemenen. 40 lagunentzako tokia dago. Dastaketa ere egingo dute. Debabarreneko Sosola, Mausitxa eta Goienetxeko ardi gaztarekin, Axelekuko behi gaztarekin eta Egotzako ahuntz gaztarekin. Bertako edaririk ere ez da faltako. Mutrikuko Sagarmiña eta Itziarko Flysh txakolinak eta Itziarko Txindurriturrin eginiko sagardoa eskainiko baitituzte. Ordu eta erdi iraungo du ekitaldiak.

  • Gazta Azoka Eibarren, domekan
Eskualdeko gaztagileekin Gazta Azoka egingo dute domekan, urriaren 21ean, Eibarko Untzaga plazan (10:00etatik 14:00etara). Gazta ezberdinak bertatik bertara ezagutzeko aukera izateaz gain, nahi duenak azokako gaztak probatzeko aukera ere izango du. Erakustaldiak ere antolatu dituzte. Elgoibarko Mausitxa baserriko Iñaki Ansolak gazta egiteko prozesua erakutsiko du 11:30etik 12:45era bitartean. Latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua ere azaldu eta erakutsiko dute Untzaga plazan. Artile mozketa erakustaldia emango dute Ipar Arrinda eta Mikel Etxebarria ardi moztaileek, 11:00etatik 14:00etara. Miren Torrealday eibartarrak, berriz, irute eta artile lanen erakusketa egingo du 10:00etatik aurrera. Puntu eta kakorratz topaketa ere egingo dute eta baita umeentzako irute tailerra ere. Aurrekoez gainera, Eibarko Mandiola Goikoa baserriko artaldeak Eibarko kaleak zeharkatuko ditu 11:30etik aurrera, eta Untzaga plazan egongo dira ikusgai ardiok, 12:00etatik 13:30era bitartean. Ikus 2017ko Gazta Azokako irudiak etakitto.eus-en.
  • Mutrikuko Goienetxe baserrira bisita
Gazta Astea Mutrikuko Goienetxe baserrira egingo duten bisita gidatuarekin amaituko da urriaren 28an, domeka. Interesatuek Debemenen eman behar dute izena. Olatz auzoko plazatik abiatuko da bisita, 11:00etan.

gazta astea eibar inakiansola gaztagintzan 2016 etakitto

2018 10 16 gazta astea eibar artaldea 2016 etakitto

∞Lotura duten albisteak: