Mausitxak irabazi du Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa, bigarren urtez jarraian

Barren.eus 2018ko urr. 14a, 14:25

Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketaren 35. ekitaldia eta Baserritarren Eguna ospatu dituzte gauir Idiazabalen. Mausitxako gaztak irabazi du Euskal Herriko 40 gaztagile onenek parte hartu duten lehiaketa. Jarraian lortu duten bigarren garaipena da.

Idiazabalgo VII. Baserritarren Eguna ospatuko dute gaur, eta Euskal Herriko Gazta Txapelketa ere egun berean egin dute estreinakoz, Idiazabalgo Abeltzainen Elkarteak, Artzain Gaztak eta Idiazabalgo Udalak elkarlanean antolatuta.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrialdeetako lehiaketetan lehen hamar postuak lortutako gaztagileak sailkatzen dira Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketaren finalerako. Hala, 40 gazta aritu dira lehian eta epaimahaiak Elgoibarko Mausitxa baserriak aurkeztutako gaztari eman dio lehen saria. Txapela, egurrezko kaikua eta 1.000 kilo pentsutan jaso zituzten saritzat. Euskal Herriko Txapelketa irabazi duen hirugarren aldia da Mausitxarentzat, iaz jokatutako txapelketa eta duela hamahiru urtekoa ere irabazi baitzituen. Nafarroara joan da bigarren saria, Lekarozko Oranideko Kortariko borda gaztandegiak jaso baitu bigarren saria, honek ere bigarren urtez jarraian. Zeraingo Jabier Muñoa gaztagileak eskuratu du hirugarren saria.

∞Lotura duten albisteak: