Elgoibarko makina-erremintaren enpresa liderrak euroguneko hirugarren ekonomiaren merkatuan egindako lorpenak egonkortu nahi ditu planta berri horrekin, eta merkatu kuota handitu, Alemaniaren ondoren Italia baita makina-erremintaren bigarren merkatua Europan. Instalazioa da ekoizpenerako soluzio aurreratuen enpresak Italian egin duen lehen ezarpen fisikoa. 2.500 metro koadroko lantegia Milango zentro ekonomikotik 140 kilometrora dago, Piemonteko Bistagno herrian.
Joan den ekainaren 21ean egin zuten inaugurazio ekitaldian hainbat agindarik hartu zuten parte, bertakoek eta Euskal Herritik joandakoek. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekaren diputatu Ainhoa Aizpuru eta Piemonteko eskualde italiarreko lehendakari Sergio Chiamparino.
Danobateko zuzendari kudeatzaile Xabier Alzagak inaugurazio ekitaldian azaldu zuen "negoziorako aukera berriak sortzeko" zabaldu dutela fabrika. Elgoibarko kooperatibak "gertutasuna eta bikaintasuna" eskaini nahi die Italiako bezeroei. Eusko Jaurlaritzak babesa eman dio Danobatek Italian duen instalazio berriari. Arantxa Tapia harro agertu zen ekitaldian. "Euskadiren politika industrialaren arduradun gisa, gaurko egunak harrotasuna, aitortza eta ospakizuna dakartza», esan zuen. "Danobatek giharra dauka, eta indar hori berrikuntza da, adimena, teknologia eta egokitzeko gaitasuna".
Danobatek jakinarazi duenez, lantegi berrian lan egingo duen profesional taldea "trebakuntza handiko profilek" osatuta dago, horien artean saiakuntzak egiten eta zerbitzuak ematen espezializatuta dauden hamar ingeniari. "Mekanizazio proba pertsonalizatuak egiteko balioko du lekuak, eta bertan egin ahal izango dira, baita ere, garapen teknologikorik aurreratuenak dituzten azken belaunaldiko ekipamenduen erakusketak". Informazio osoagoa: danobatgroup.com
*Argazkiak: irekia.euskadi.eus