Trailerren efizientzia hobetzea nahi duen 'Bultz-e' proiektuak irabazi du Tkgune ideia industrialen lehiaketa

Barren.eus 2018ko eka. 19a, 16:48

Trailerren eraginkortasuna eta segurtasuna handitu eta hobetu nahi dituen sistema berritzaile bati esker irabazi du Bultz-e izeneko proiektuak enpresa industrial onena saritzen duen TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen bosgarren ideia lehiaketa. Igor Aguirre eta Eñaut Eizagirre azpeitiarrek, IMHko ikasle ohiak biak, aurkeztu dute proiektu irabazlea.

IMHko Asmaola Lantegian egin dute gaur TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketako sari banaketa. Bosgarren ediziora aurkeztutako lanen artetik Bultz-e saritu du epaimahaiak.

Igor Aguirre eta Eñaut Eizagirre IMHko ikasle ohiek sortu duten proiektua da. Igor Agirrek ezin izan du sari banaketan egon Txinan lanean dagoela-eta. Eñaut Izagirrek amets batetik sortutako proiektua izan dela Bultz-e azaldu du. Kamioi gidaria da Izagirre eta lanean dagoenean sarritan izaten duen arazo batekin egin zuen amets. Ametsean agertutako arazoari irtenbidea emateko bururatu zitzaion ideiaren berri eman zion gero Igor Agirre lagunari, biek partekatzen duten Azpeitko Elkarte Gastronomiko batean, eta hantxe sortu zen proiektua, eta agian enpresa, abiatzeko ideia. Bultz-e proiektuaren inguruko xehetasun handiegirik ezin izan dute eman, beste inork aurrea har ez diezaieten. Agirrek eta Izagirrek Heziketa zikloa ikasi zuten IMHn, eredu dualeko -ikasi eta lan- lehen promozioko ikasleak izan ziren. Igorrek Ingeniaritza Duala ikasten jarraitu zuen eta Eñautek, krisi sasoi bete-betean, kamioi gidari lanetan hastea erabaki zuen familiako enpresan.

• 2.500 euro eta aholkularitza teknikoa
Ane Beitia Elgoibarko alkatearen, Ixaka Egurbide IMHko Zuzendari Gerentearen eta Roberto Altzerreka Tkgune lehiaketaren arduradunaren eskutik jaso dute gaur TKgune ideia industrialen saria. 2.500 euro jaso dituzte eskudirutan, 100 orduko aholkularitza teknikoa eta kudeaketaren ingurukoa eta IMHko eta Tkgune sareko baliabide industrialak, proiektua martxan jarri ahal izateko.
Tkgune Lehiaketa Tkgune Fabrikazioa sareak antolatzen du (Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako Lanbide Heziketako Ikastetxeek, non IMH koordinatzailea da), Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, UPV/EHU eta Debegesaren laguntzarekin. Bosgarren edizioko enpresa babesleak izan dira Alcorta Forging Group, DanobatGroup, Delteco, Rural Kutxa eta Schaeffler.

 Lotura duten albisteak: