Abian da gazteentzako enpresa industrialen bigarren ideia lehiaketa

Barren.eus 2015ko api. 28a, 16:55

TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziazko Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, tartean IMHk, TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren bigarren edizioa antolatu dute (Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi zuen iaz estreinako edizioa). Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaituko da.

Gazteen artean izaera industriala duten enpresa proiektuen garapena sustatzeko helburuarekin jarri zuten abian iaz gazteentzako enpresa industrialen ideia lehiaketa. Bigarren edizioa aurkeztu dute gaur eta berrikuntzen berri ere eman dute. Batetik, izenean dago berrikuntzetako bat, Asmaola+ izena izatetik TKgunea izatera pasa baita. Izenarenarekin batera, baina, lehiaketara aurkeztutako proiektuak epaitzeko prozesuan dago berritasun aipagarriena. Antolatzaileek aurkeztutako egitasmoetatik hiru onenak aukeratuko dituzte eta bahetzea pasatzea lortzen dutenek epaimahaikideen aurrean aurkeztu eta defendatu beharko dute euren ideia.

Ideiatik produktura

Iaz bost ideia aurkeztu ziren lehiaketara eta Asier Lizarraldek (Elgoibar, 1990) aurkeztutakoak jaso zuen lehen saria. Zuhaitzak inausteko makina automatiko aurreratua aurkeztu zuen Lizarraldek, sei metrotik gora dauden adarrak inausteko balio duena. Dagoeneko badauka prototipo bat egina, baina bere ideia merkaturatzeko prozesuan lanean jarraitzen du oraindik, IMHko arduradunen berbetan. Horixe da, hain justu ere, ideia lehiaketa honen azken helburua, ideiak errealitate bihurtzea. "Lehiaketa ez da saria ematearekin amaitzen, ideien lehiaketa irabazi duen proiektua, produktu bihurtuta, merkatura iristen denean baizik", nabarmendu du Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkateak. Bere esanetan horrek emango dio "prestigioa" honelako lehiaketa bati. TKgune lehiaketaren arduraduna den Roberto Altzerrekak gaineratu duenez, iaz aurkeztutako bost ideietatik bik aurrera jarraitzen dute gauzatzeko prozesu horretan. Era berean, prozesua gustatuko litzaikeena baino geldoagoa dela aitortu du, besteak beste, proiektuetako arduradunek, lan kontuak tarteko, ezin dietelako nahi adina denbora eskaini ideiak garatzeari.

• Bi sari
Izaera industrialeko sari bi aurreikusi dira lehiaketan; Enpresa Industrial Onenaren sarituak 2.500 € jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...). Beste saria, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari emango zaionak 2.000€ jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko. Sariak ez dira metagarriak izango eta ideia sarituen proiektuak abiatu eta 18 hilabeteren epean egin beharko dira. Sariak IMHko Fundazioaren XXV urteurreneko ekitaldian banatuko dira, urria inguruan. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaituko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko inprimakiak www.imh.eus orrian daude eskuragarri.

TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako Sarea (*) osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek antolatu dute TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen bigarren Ideia Lehiaketaren, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Danobat Group Koop. E., Alcorta Forging Group S.A., Grupo Schaeffler, Grupo Unceta, eta Rural Kutxa eta erakundeen babesarekin.

  • (*)TKGUNE FABRIKAZIOA sarea osatzen duten ikastetxeak: IMH - Makina Erremintaren Institutua, Miguel Altuna Institutua, Bidasoa Lanbide Eskola, Somorrostro Lanbide Eskola, Usurbilgo Lanbide Eskola, Egibide, Elorrieta-Erreka Mari Institutua, Politeknika Ikastegia Txorierri, Armeria Eskola, Oteitza Lizeo Politeknikoa.
  • Informazio osoagoa: www.imh.eus

2015 04 28 enpresaindustriallehiaaurk1

Lotura duten albisteak: