Mendaroko Egile enpresako buru Eduardo Junkera da Adegi patronaleko presidente berria

Barren.eus 2018ko mai. 30a, 15:19

Mendaroko Egile Corporation XXI enpresako fundatzaile eta presidente Eduardo Junkera Perez izendatu dute Gipuzkoako patronaleko presidente.

Eduardo Junkera 1955ean jaioa da Durangon, eta Mendaron kokatua dagoen Egile Corporation XXLko sortzailea eta presidentea da, bai eta Elkargiko eta Hegan klusterreko presidenteordea ere. Empresa Vasca y Sociedad fundazioak 2014ko Euskal Enpresaririk onena izendatu zuen Eduardo Junkera.
Junkerak sei urteko aroa osatu duen Pello Gibelalde ordezkatuko du Adegiko presidente karguan. Gibelaldek berak eskatuta aurkeztu zuen Junkerak presidente izateko hautagaitza. Gaur hartu du kargua Patronalaren urteko batzarrean. Gainera, Enpresa Eguna ospatzen dihardute.

Gazteentzako itxaropen mezua
Gipuzkoako patronalak gazteentzako itxaropen mezua zabaldu du. Gipuzkoako enpresek 11.200 enplegu aukera eskainiko dituztela aurten adierazi dute Adegiko arduradunek, eta 30.000 lanpostu datozen hiru urteetan. Era berean, enpresen konfiantza maila inoizko handiena dela nabarmendu dute: %95ek uste dute haien merkatuak normaltasun egoeran edo susperraldian daudela.
Adegik kalkulatu duenez, 2018an Gipuzkoako BPG barne produktu gordina %2,8 eta %3 bitartean haziko da.
• Eduardo Junkeraren ibilbide profesionala
Eduardo Junkerak 1988an, 33 urte zituela, enpresa abentura berri bati ekin zion fabrikazio moldaerraz eredua zabaltzeko asmoz eta Sisfle sortu zuen Elgoibarren, finantza-bazkide batekin. 1991n Zehatz proiektuan sartu zen Alfonso Urzainkirekin bat eginez eta gero Egile taldea sortu zuten. Beraz, 1999an Sisfle utzi eta bere enpresa proiektu nagusiari heldu zion: DMP (Desarrollos Mecánicos de Precisión). Aeronautika sektorea bideratu zuen talde honek. Izan ere, aurrerapen guztiak I+D planetara bideratu zituen etengabeko inbertsioekin. Lehen lorpen handia 2003an izan zen: Messier Dowty lurreratze-trenen fabrikatzailearen homologazioa; berekin hainbat lan egitetik bazkide eta hornitzaile estrategiko izatera pasatuz.
2005ean Egile taldea abian jarriz osatu du Junkerak enpresa arloan bere lana. Zehatz eta DMP oinarri hartuta, hainbat konpainia garatu ditu dibertsifikaziorako alor estrategikoetan: aeronautika, osasuna, zientzia, energia eta ura. Proiektu horietan aipagarriena Createch Medical da. Taldearen industria ezagutza hortz eta aurpegimasaileko protesietara bideratu eta enpresa eredugarria izateaz gain, sektoreko multionazionalentzat gutizia bihurtu zuen. Osasun arloan Egilek I+D proiektuetan dihardu bizkar hezurreko arazoak konpontzeko; Urean ETD, Tecexsa eta Leorperen indarrak batu ditu; zientzia azpiegituren irtenbideetarako HTS sortu zuen; eta ITSk lortutako bezeroak aipagarri dira bertakotze sistema eta inguruko segurtasunean.