Trinitateetako azoka berezian Elgoibarko baserrietako produktuak erosi eta dastatzeko aukera izango da

Barren.eus 2018ko mai. 23a, 21:47

Trinitateetako 17. Azoka berezia egingo dute zapatuan Elgoibarren, Trinitate jaien barruan. Garaian garaiko produktuak eta herrian hazitako abereak izango dira azokan, besteak beste. Abereen erakusketa Trenbide kalean izango da Aita Agirre erakina eraberritzeko lanak direla-eta. Emakumeen herri kirol erakustaldia ere antolatu dute.

Trinitateetako Azoka Berezia Elgoibarko Udalak antolatzen du Debemen elkartea eta Elgoibarko landa auzoetako bizilagunen laguntzarekin. Zapatuan, 09:30etik 17:00etara, animalien erakusketa egongo da Trenbide kalean. Eta, 09:30etik 14:00etara bitartean, Elgoibarko baserrietako produktuak salgai egongo dira Lekueder parkean.
• Garaian garaiko produktuak, gazta, ogia, arrautzak...

  • Barazkigileak: Txillarre, Lizundiatxabola, Basartesoroeta (Basueta), Ekoalboraz.
  • Gaztagileak: Madarizurieta (Mausitxa), Lizundiatxabola, Mintxeta.

• Ganaduzaleak

  • Elgoibarren hasitako arraza desberdinetako 85 bat buru: Astitxiki baserria (Pirenaika) , Berdezkunde (Pirenaika), Iriarte (Pirenaika),  Orube baserria (Limusina), Ziardatxiki Goikoa baserria (Limusinak), Agerre Baserria (Katxinak eta Asturiarrak), Irunagasoro baserria (Betizuak eta Suizak)
  • Aurrekoez gain, Enkarterrialdeko Astoak (Akei), Zaldi Appaloosa (Zaldi Erreka), Euskal Herriko Mendiko Zaldiak (Artesoro), Poniak (Irunagasoro), pottokak (Irunagaberri).
  • Baita ere Ardi Mutur Beltzak (Madarizurieta), Ardi Mutur Gorriak (Sagarraga), Berrichon ardiak (Iriarte), Ahuntz Azpi Gorriak (Irunagasoro), Ahuntz enanoak (Arostegi), Ahuntz mestizoak (Urruzuno), Ahariak (Sagarraga), Txerriak (Aozar Baserria)
  • Urruzuno Baserria: Hegaztiak (Ahate mutuak, Gineako Oiloak, Indioilar beltza, Antzarrak, Euskal oilo zilarra, Euskal oilo marraduna)

• Kalitatezko produktuen dastaketa
Debemenetik jakinarazi dutenez, 11:00ak inguruan hasiko da kalitatezko produktuen dastaketa: euskal baserriko oilaskoa ”Lumagorri”, aire librean hasitako txerrien sahietsa eta hirugiherria “Basatxerri”. Lekueder parkean dagoen karparen barruan. Razioak bi eroan salduko dituzte.
Sagardo Lehiaketa
Zazpiki Kultur Elkarteak antolatuta, Elgoibarko baserrietako sagardo lehiaketa egingo dute eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute herritarrek. Dastaketa lan horietan, Elgoibarko Idotorbe, Aiastia, Azkue, Urruzuno, Sallobente, Arriaga eta Maalako auzotarrak arituko dira.
Emakumeen herri kirol erakustaldia
Emakumeen arteko herri kirol erakustaldia ere antolatu du Sigma Probaleku Elkarteak. 13:00etan hasiko da Kalegoen Plazan. Trontzan bi bikote arituko dira eta harrijasotzen Idoia Etxeberria eta Karmele Gisasola.
Trinitateetako azokari bukaera emateko Elgoibarko baserritarren anaiarteko bazkaria egingo dute 14:30etik aurrera, Lekuederreko karpan.

2018 05 23 trinitate azoka elgoibar barazkiak

2018 05 23 trinitate azoka elgoibar abereak

2018 05 23 trinitate azoka elgoibar aita agirre