"Mugikortasun behartua, aldi baterako kontratuak, ordaindu gabeko praktikaldiak, arriskuak… eguneroko ogia dira ekoizpen modu kapitalistan, eta gazteok gara maiz kate horren begi ahulena", azaldu dute Jaiki taldeko kideek. Aipatzen dituzten egoera horiek ez direla normalak eta ezta onargarriak ere salatu dute. "Halakoen aurrean ez gara isilik geldituko", diote. Gainera, euren testigantzak publiko egitera animatu dituzte Elgoibarko gazteak. "Halako egoeraren bat bizi izan baduzu zure testigantza modu anonimoan zabaltzera gonbidatu nahi zaitugu". Galdetegi bat jarri dute sarean testigantza ematera animatu nahi dutenek betetzeko. Honako loturan: https://docs.google.com/
• Bideoak
Jaikikoek sarera igo duten lehen bideoan zaintza lanetan bizi izan duen prekarietateaz berba egiten du gazte elgoibartar batek, anonimotasuna gordez. Bideoan dioenez, zaila da soldata guztia jasotzeko eskubidea izatea. "Nik adibidez, %60a jasotzen dut eta ni baino okerrago asko daude, %30a jasotzen dutenak eta bi lan eduki beharrean... ez dago eskubiderik pertsonak zaintzerako orduan aukera gutxien eta prestaketa urrien daukatenek sufritzea lan baldintza oker eta arriskutsuenak. Udalek etxez etxeko zerbitzua subkontratatu eta beste batzuen esku gelditzen den unetik gure eskubideak urratzera doaz, errentagarritasunaren izenean". Jaikikoek emandako datuen arabera, EAEko gazteen heren bat lanordu murriztuan ari da lanean. Emakumeen %50ak egiten du lan lanaldi murriztuan.
Orain arte argitaratu duten bigarrengo bideoan ordaindu gabeko praktikak, beken iruzurra, formakuntza behartu eta garestiaz dihartu beste gazte batek. Euskal Autonomi Erkidegoan gazteen %40ak 1.000 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen dutela dio Jaikik.