Enpresa industrialen ideia lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik da

Barren.eus 2018ko api. 16a, 11:12

Enpresa industrial ideia onena sarituko dute TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen bosgarren ideia lehiaketan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteek maiatzaren 15era arteko epea dute ideiak aurkezteko.

IMHko arduradunek eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak udaletxean aurkeztu dute, gaur goizean, TKgune Fabrikazioa Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren bosgarren edizioa. Izaera industrialeko lehiaketa honekin ekintzailetza sustatzea nahi dutela azaldu dute antolatzaileek. "Ez da egitasmo erraza, izaera industrialeko ideiak izatea, eta batez ere garatzea, zaila dela badakigulako. Hala izanik ere, konfidantza dugu lehiaketa honek eman ditzakeen emaitzetan eta ekintzailetza bultzatzen duela uste dugu", azaldu dute antolatzaileek. TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziazko Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, tartean IMHk, antolatu dute lehiaketa, Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Debegesaren laguntzarekin; eta, Rural Kutxaren eta hainbat enpresen (DanobatGroup, Alcorta, Schaeffler, e.a) babesarekin.

• Ideiak aurkezteko epea

Maiatzaren 15ean bukatuko da proposamenak aurkezteko epea. Aurreko edizioetan moduan, 35 urtera arteko gazteek parte hartu ahal izango dute lehiaketan. Aurtengoan ere, bi sari aurreikusi dira lehiaketan:

  • Enpresa Industrial Onenaren sarituak 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...).
  • Bigarren saria, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari emango zaionak, 2.000 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko.

Lehiaketaren oinarriak eta informazio osoagoa: www.imh.eus

Iazko edizioan Iñaki Jimenezen mataderak egiteko sistema saritu zuten.

 Lotura duten albisteak: