Merkataritza biziberritzeko plana abiatu du Elgoibarko Udalak

Barren.eus 2018ko mar. 22a, 12:40

Herriko merkataritza biziberritzeko plana abiatu du Elgoibarko Udalak Eusko Jaurlaritza, Txankakua merkatari elkartea eta Barren azoka elkartearekin elkarlanean.

Ostalaritza eta zerbitzuen sektorea “lehiakorragoa eta profesionalagoa” egin nahi dute Elgoibarren, eta horretarako diagnosi bat egingo du aurrena Ikertalde Talde Aholkulariak. 350 inkesta egingo ditu horretarako, telefono bidez eta kalean, eta herriko dendari, tabernari eta zerbitzuetako profesionalekin aurrez aurreko elkarrizketak egingo dituzte.

Sektore hauek, Elgoibarko Udalarentzat, udalerriko osagai garrantzitsuak dira, herriari bizitza eta kohesioa emateaz gain, aberastasuna eta enplegua sortzen baitute. Elgoibarko Alkatea den Ane Beitiaren esanetan proiektuaren helburua, merkataritza lehiakorrago, profesionalago eta kalitate handiagokoa izateko beharrezkoak diren ekintzak jasoko dituen plan bat definitzea da. "Elgoibarko errealitatea ikusi nahi dugu sektorearekin berarekin batera, bere jokabideak eta ohiturak ezagutzeko eta herritarren beharrizanak asetzeko", adierazi du Beitiak.

• Webgune berezia

Merkataritza Biziberritzeko Plana bi fasetan banatuko dute. Alde batetik, gaur egungo tokiko komertzioaren eta ostalaritzaren egoeraren diagnosi sakon bat egingo da, eta hori egin ostean, sektorea dinamizatu eta indarberritzeko jarduera desberdinak proposatuko dituzte.

Mahai inguruak ere egingo dituzte herriko dendari, tabernari eta zerbitzuetako profesionalekin, eta bildutako informazio guztia proiektu honetarako sortutako webgune berezian eskegiko dute. Norbaitek beste argibideren bat beharko balu, telefono zenbaki bat ere jarri du Udalak herritarren eskura: 943 423 261.