DanobatGroup 2018ko Gipuzkoako Enpresa izendatu du Gipuzkoako Bazkundeak gaur, erakundearen egoitzan, Donostian, banatu dituen sarietan. “DNA berritzailea"-gatik eta industriari aplikatutako digitalizazioaren alde egindako apustuagatik saritu dute egoitza Elgoibarren duen talde kooperatiboa. Erronkak soluziotan eraldatzeko izan duen gaitasuna eta 4.0 industriaren kontzeptuak euren produktuen garapenean sartu izana ere nabarmendu du Gipuzkoako Bazkundeak.
DanobatGroupeko zuzendari nagusi Pello Rodriguezek jaso du makina-erreminten fabrikatzailea emaniko saria, eta bere esanetan, sariarekin enpresak egindako ibilbidea aitortzen da, non berrikuntza eta DANOBATGROUP osatzen duten kooperatiben arteko lankidetza estua bereizgarriak diren, eta batez ere bide hori posible egin duten pertsonen lana.
Epaimahaiko kideek baloratu dute, halaber, “informazio eta komunikazioko teknologiak fabrikazio inguruneetan txertatzeko” egindako prozesua, “makina-erremintei egotzitako traba fisikoak” haustea ekarri baitu.
Gipuzkoako Ganberak aurrez ere saritu izan du DanobatGroup, nazioarteratzearen kategorian 1996tik 2009ra bitartean emandako sarietan, hain zuzen ere.
Kooperatiba taldeak 1.300 pertsonari baino gehiagori ematen die lana, "trebakuntza handia duten eta enpresa proiektuaren erabat identifikatuta dauden pertsonei, baina ingurune hurbilean aberastasuna eta enplegua sortzearekin ere du lotura; izan ere, EAEn hornitzaile sare ugaria dauka eta kulturako, gizarteko, kiroleko eta ingurumeneko ekimenetan laguntzen du".
Konpromiso lokal horrek, ordea, ez dio eragozten nazioartean talde indartsua izatea. Bere fakturazioaren %90 kanpoko merkatutik dator, eta lantegi propioak ditu hainbat herrialdetan, hala nola Alemanian, Erresuma Batuan eta AEBn. Horretaz aparte, ordezkaritzak ditu beste hainbat tokitan, esaterako, Indian, Errusian, Australian, Txinan eta Italian. Azken bi herrialde horietan, gainera, bere presentzia indartuko du aurten.
Informazio osoagoa: danobatgroup.com