Pintxo lehiaketa egingo dute Mendaron asteburuan

Barren.eus 2015ko api. 16a, 09:37

Mendaroko Udalak pintxo lehiaketa antolatu du, laugarren urtez. Hala, zapatuan eta domekan herriko zortzi tabernarik espresuki lehiaketarako aurkeztutako pintxoak dastatzeko aukera izango da. Era berean, merkataritza suspertzeko kanpaina jarri du abian Udalak.

2015 04 14 pintxolehiamendarokartelaMendaroko zortzi tabernarik hartuko dute parte Mendaroko IV. Pintxo Lehiaketan: Arrats, Menditxo, Ormola, Chow, Uztargi, Lagun Betikoak, Toki Alai eta Txirristakak. Zapatuan eta domekan izango da pintxoak dastatzeko aukera (12:00etatik 15:00etara, eta 19:00etatik 21:00etara)

Pintxoak euro batean salduko dituzte tabernariek, eta Mendaroko Udalak hiru pintxo onenak sarituko ditu. Herritarrek ere izango dute, baina, epaimahaikide izateko aukera. Taberna bakoitzean kutxa bat egongo da, eta herritarrek aukera izango dute euren pintxo gustukoenaren alde egiteko. Boto guzti horiek batu eta zenbatuko dituzte gero antolatzaileek, eta pintxorik estimatuena sarituko dute. Bozketa horretan parte hartzen duten guztien artean, 50na euroko bi bono zozketatuko dituzte. Bata, Sari Nagusia irabazten duen tabernan kontsumitzeko, eta bestea, herritarrek pintxo gustukoena prestatu duen tabernan gastatzeko.

Iaz Uztargi tabernak irabazi zuen epaimahaiaren sari nagusia eta Menditxo tabernak jaso zuen Herritarren Saria.

Saridunen izenak maiatzaren 4an jakinaraziko dituzte pleno aretoan egingo duten sari banaketa ekitaldian (19:00) Tabernari irabazleak txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu, txapeldunordeak, garaikurra eta diploma eta hirugarrenak, diploma. 

• Merkataritza suspertzeko kanpaina

Mendaroko Udalak Merkataritza suspertzeko kanpaina jarri du martxan. Hala, Mendaroko komertzio eta tabernetan hamar euro gainditzen dituen erosketa bakoitzeko txartel bat jasoko dute erosleek, apirilaren 30era arte. Gero, 25 euroko lau erosketa bonu zotz egingo ditu Udalak. Maiatzaren 4an egingo dute zozketa, pintxo lehiaketako sari banaketa ekitaldiarekin batera.

Lotura duten albisteak: