Mercadonak supermerkatua irekiko du Elgoibarren 2018 amaierarako, Lerun Txikin

Barren.eus 2018ko urt. 17a, 15:33

Valentziako Mercadona saltoki katea asko hedatu da 2014tik hona Euskal Herrian, eta Elgoibarren ere irekiko dute supermerkatua. Lerun Txikin egiten diharduten industriagunean eraikiko dute, eta 2018 amaierarako irekitzea espero dute.

Mercadona enpresako arduradunek jakinarazi duenez,"denda eraginkorra" eredu berriari jarraituz irekiko dute supermerkatua Elgoibarren. "2016. urte amaieran ezartzen hasi ginen denda eredu berri hauek teknologikoki guztiz konektaturik daude, bezeroen erabateko erosketa esperientzia hobetzeko diseinua eta osoki eraberritutako atalak aurkezten ditu, eta denda tradizionalekin alderatuz, %40rainoko energia-aurrezpena lortuko da bertan", azaldu dute. Salmenta aretoak 1.500 metro koadro izango ditu, eta Mercadona saltokien ohiko atalak izango ditu: harategia, urdaitegia, lurrindegia, ontziratutako elikagaiak, edariak eta drogeria. Horietan hainbat produktu salduko dituzte, besteak beste, janariak, edariak, garbitzeko produktuak, higiene pertsonalerako produkutak eta animalientzako janaria. Elgoibarkoa supermerkatua izango dela zehaztu dute, eta ez hipermerkatua.

• 40 laguneko lantaldea
Elgoibarko supermerkaturako 40 lagun kontratatzea aurreikusten dute arduradunek. Enplegua "egonkorra eta kalitatezkoa" izango dela diote eta soldaten berri ere eman dute. 1.297 euroko soldata gordina jasoko dute hilean hasiberriek (1.222 euroko soldata garbia). Antzinatasunaren arabera handituko da soldata. Hala, lanean lau urte baino gehiago daramatzaten beharginek 1.755 euroko soldata gordina jasoko dute hilean (1.449 euroko soldata garbia). Gainera, lan kontziliazioa errazteko inguruko bizilagunak kontratatzen dituztela jakinarazi dute. Langileak bilatzeko prozesua martxan jartzen dutenean jakinaraziko dutela gaineratu dute.

• Debabarreneko bigarrena
Azken urteotan abiadura bizian hedatu da Mercadona, Espainiako Estatuan 1.400 saltoki zabaltzeraino. 2013 hasieran ireki zuen Mercadonak lehenengo supermerkatua Euskal Herrian, Antsoainen hain zuzen ere. Nafarroan 20 denda zabaltzeko asmoa dute eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 25 eraiki nahi dituzte hurrengo urteetan. Dagoeneko hamabost saltoki ireki dituzte: bost Gasteizen (Araba), hiru Bilbon, bat Barakaldon, bat Basaurin eta bat Santurtzin (Bizkaia), eta beste bana Irunen, Eibarren, Oiartzunen eta Donostian (Gipuzkoa). Aurten, Berangon, Leioan eta Elgoibarren irekiko dituzte. Elgoibarkoa Debabarrenean zabalduko duten bigarrengoa izango da, Eibarkoa 2016. urteko abuztuan ireki baitzuten. Eibarkoaren aldean "teknologikoagoa eta eraginkorragoa" izango da Elgoibarkoa.

2018 01 17 lerun txiki elgoibar obrak