Julian Villena eta Nagore Dorronsoro Soro feriako ezti lehiaketan irabazle

Barren.eus 2018ko urt. 11a, 13:58

Urtarrilaren 6an izan zen urteko ohiturari jarraituz, Debako Soro Feria. Eguraldia lagun izan ez bazuten ere, beraien produktuak bertan erakutsi eta salgai jarri zituztenen artean hainbat sari banatu zituzten antolatzaileek. Euriarekin pozik ez baina Deba Bailarako 16. Ezti Lehiaketan 150 euroko saria eskuratuta gustura izan ziren Julian Villena elgoibartarra eta Nagore Dorronsoro debarra. Elgoibarko hainbat saltokitan eskuratu daiteke Julian Villenak eta Nagore Dorronsorok ekoizten duten eztia, eta baita hileko azken zapatuko ferian ere. Zortziko eztia izenarekin komertzializatzen dute. 2011n Gipuzkoako Ezti Txapelketa irabazi zuen Villenak, eta aurten ere izango du aukera, Deban lehen hiru postuetan sailkatu ziren eztigileek parte hartuko baitute Gipuzkoako txapelketan, Zegaman egingo duten Erlezain Egunean. 

Feria berean gaztagileentzako ere egon zen saririk eta Mausitxa baserriko Jesus Ansolak 250 euroko hirugarren saria jaso zuen. Elgoibarko Gabon Zahar Ferian Urteko Gazta Onenaren saria jaso zuen La Lezeko gaztak irabazi zuen Debako gazta txapelketa.

*Argazkia: Gorritiberea/DV