Debabarreneko sei herrik jarri dute abian eskualdeko Energiaren Behatokia, Debegesarekin elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuaren laguntzarekin. Gaur aurkeztu dute Debegesaren egoitzan, Eibarren. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Monica Pedreirak, Debegesako zuzendari nagusi Juan Angel Balbasek eta Debabarreneko sei udaletako alkate eta ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean.
Energiaren Eskualdeko Behatokia Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritzen den plataforma berritzailea da; horniduren kudeaketa eta udal instalazioen energia kontsumoen azterketa egitea ahalbidetzen du (argiteria publikoa, eskailera mekanikoak, udal eraikinak…). Kudeaketa erreminta honekin jasangarritasunaren aldeko urratsak eman eta aurrezpena eta eraginkortasun ekonomikoa (€), energetikoa (kWh) eta ingurumenekoa (CO2 tonak) neurtu ahal izango dira.
Debabarreneko Energiaren Eskualdeko Behatokiak eskualdeko sei herriri emango die zerbitzua (guztira, 73.000 biztanle): Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Sei herriotan energiaren kudeaketarako SIE software bat ezarri da (Energia Informazioaren Sistema) eta honek ahalbidetuko du udaleko energiaren fakturazio egokia kontrolatzea, hornidura energetikoen kontratazioa hobetzea, eta udalerrietako eraikin eta argiztapen publikoko koadro guztiak erregistratzea eta horien portaera aztertzea, eskualderako plataforma bakar batean.
Energiaren kudeaketarako erreminta berria ezartzearekin batera, sei udalerrietako teknikariei zuzendutako prestakuntza saioak egin dira.
Inbertsiorik egin beharrik gabeko neurriak soilik hartuz, Behatokiak 74.073 euroko aurrezpen potentziala detektatu duela jakinarazi dute, energia faktura osoaren %4,3. "Aurrezpena energia erreaktibora zuzenduz, hornidura eta potentziak optimizatuz eta zenbait hornidura utziz lortuko litzateke. Zuzenketa hauetako batzuk egin dira jada eta beste batzuk martxan daude", azaldu dute.
Behatokiak, halaber, bizileku- eta zerbitzu sektorearen energia kontsumoen eta berotegi-efektuko gasen isurien datuak erakusten ditu. Datu hauek Udalsarea21-eko energia eta klimarekin lotutako jasangarritasun indikadoreak erabiliz kalkulatuko dira.
• Debabarrenak Energia Ataria
Behatokiarekin batera, Debabarrenak Energia Ataria sortu du herritarrek informazioa gardentasunez jaso dezaten. Ataria automatikoki elikatzen da Energia Informazioaren Sistematik; informazioa emateaz gainera, atariaren bitartez udalerriko energia-politika ezagutzera emateko aukera dute Udalek eta energia-kontsumoaren gaineko sentsibilizazioa sustatu.
Atariaren bitartez, herritarrek udalaren hileroko argiaren faktura zenbatekoa den jakin ahal izango dute eta aurreko urtearekin alderatuz aurreztu den ala ez. Udalaren energia-kontsumoa beste herrikoekin alderatzeko aukera ere izango dute edota atmosferara zenbat CO2 isuri den.
- Informazio osoagoa: debegesa.eus