San Roke kafetegia “Bacalaos Alkorta” pintxo txapelketako finalean lehiatu da

Barren.eus 2017ko aza. 20a, 14:33

Eibarko Udalak antolatu duen Bakailao Astearen barruan jokatu zuten ‘Alcorta bakailaoak’ I. Pintxo Lehiaketako finala, joan den zapatuan. Hego Euskal Herriko lau probintzietako pintxo txapeldunekin batera Eibar, Ermua eta Elgoibarko irabazleek parte hartu zuten Bacalaos Alkortak antolatutako txapelketaren finalean. 

Elgoibarko kanporaketa hilaren 8an jokatu zuten Txarriduna, San Roke, Viento Sur, Gabi eta King Kong tabernek; eta, San Roke kafetegiak prestatutako pintxoak lortu zuen lehen saria, eta honenbestez finalerako sailkatzea.
Hala, zapatuan, Eibarko (Kultu) eta Ermuko (Frankfurt) irabazleekin batera, Hondarribiko Gran Sol, Durangoko Kobika, Gasteizko Borda Berri eta Nafarroako Baserri Berriren aurka lehiatu ziren San Rokeko sukaldariak. Bakoitzak bere proposamena Eibarko udaletxeko patio barruan prestatu zuen. Epaileak Belaustegi jatetxeko Josu Muguerza, Mireia Alonso, Ramon Roteta sukaldaria, Lobiano elkarteko Jesus Portugal eta Josema Azpeitia eta Aitor Buendia gastronomia-kazetaria izan ziren. Horiek, lehen saria Durangoko Kobikak prestatutako “Codwich” izeneko pintxoari eman zioten.

• ‘San Andres Saria’ bakailao lehiaketa

Orain dela 25 urtetik hona egin den ‘San Andres Saria’ bakailao lehiaketa egingo dute datorren domekan, hilaren 25ean, Eibarren. 50 bikote batuko dira bertan Josu Mugerzaren, Urgain jatetxeko Xabier Osaren, Mireia Alonsoren, Luis Irizar eta Jesus Artola sukaldarien, Josema Azpeitia eta Aitor Buendiaren gustuko bakailaoa egiteko nahiarekin.

Informazio osoagoa eta argazkiak etakitto.eus webgunean

bakailao pintxo finala etakitto san roke elgoibar

 bakailao pintxo finala etakitto san roke elgoibar detailean

bakailao pintxo finala etakitto san roke elgoibar epaimahaia