Tripontziak ekimen gastronomikoa abian da

Barren.eus 2017ko aza. 13a, 12:57

Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren zazpi jatetxek, tartean Elgoibarko Belaustegik, menu landuak eskainiko dituzte 25 euroan, azaroaren 26ra bitartean.

Joan den barixakuan hasi zen Tripontziak ekimen gastronomikoaren laugarren ekinaldia. Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko jatetxeek sustatzen duten ekimenen honen helburua da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.
Aurtengo Tripontziak ekimenarekin bat egin duten jatetxeak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgain eta Calbeton Jatetxeak, Lasturko Taberna, Eibarko Azitain Erretegia eta Ermuko Mendiola Jatetxea. Ekimenera atxikitu diren zazpi jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak landuko dituzte bertako produktuetan oinarrituz. Honela, bertako nekazari eta ekoizleen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo dela nabarmendu dute antolatzaileek. Produktu horien artean izango dira, inguruko baserritarren barazkiak, kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste. Tripontziak Menuak 25 euroko prezioa izango du; edaria, kafea eta BEZa barne.

• Sari gastronomikoak jokoan

Aldi berean, azaroaren 10etik 26ra bitartean, Debegesak lehiaketak jarriko ditu abian sare sozialetan Debabarrena Turismoren profilen bitartez, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta jatetxearen izena aipatuz. Zenbat eta argazki gehiago bidali, saria eskuratzeko aukera gehiago izango direla ohartarazi dute.

Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo–, “Atsegin dut” botoia sakatu, eta #Tripontziak uneko argazkiak partekatzea, lehiaketako jarraibideak betez. Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sariak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua dastatu duten jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

Parte-hartzaile guztien artean honako sari hauek zozkatuko dituzte: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko nekazaritza-turismoko establezimendu xarmangarri batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sortak.

Deskargatu hemen Tripontziak ekimenaren eskuorria -PDF-

 tripontziak 2017 kartela elgoibar