Elgoibarko Izarrak jarriko du txosna martxoko azken zapatuko ferian

Barren.eus 2015ko mar. 26a, 14:32

Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, martxoko azken zapatuko feria egingo dute, eta oraingoan Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak jarriko du txosna. Eguerditik aurrera landaketa tailerra egongo da umeentzat.

 Elgoibarko Izarrakoek Elgoibarko baserrietako eta harategietako produktuekin prestatutako pintxoak jarriko dituzte salgai, 11:30etik aurrera. Oraingoan, txorizo egosia, haragi egosia eta salda pintxoak eskainiko dituzte, euro batean. Hilero bezala, goizean goizetik Elgoibarko baserrietako produktuak erosteko aukera izango da Kalebarren plazan, eta eguerditik aurrera ganadu erakusketa egongo da Aita Agirre plazan.

• Landaketa tailerra

Debemenek antolatuta landaketa tailerra egingo dute 12:00etan, Atxutxiamaikak lagunduta. Etxeko txikienek hartu ahal izango dute parte. Besteak beste, landareak nola eta noiz landatu behar diren ikasiko dute. Musika giroa, bestalde, Elgoibarko Kale kantariek jarriko dute, 12:00etatik aurrera.