Joan den eguenean egindako ez ohiko osoko bilkuran hartu zuen erabakia udalbatzak. EAJ-k aldatzen ari den testuinguru ekonomikoa aipatu zuen ordenantza fiskalen %1,8ko igoera arrazoitzeko."Euskadiko kontsumoko prezioen indizea (KPI) abuztuan %1,8a izan da. Eta hazkunde hori ez da puntuala izan. Iraileko KPI-a %1,9koa izan da. Beraz, goranzko joera nabari da. Gauzak horrela, eta betiko irizpideari jarraituz, 2018an orfenatza fiskalak %1,8 igotzea proposatu dugu. Ez dugu ahaztu behar azken lau urteetan Elgoibarko ordenantza fiskalak izoztuta egon direla. KPIaren bilakaera oso bajua, negatiboa batzuetan, izan delako urte horietan: 2016an %0,0koa, 2015ean -%0,3koa, eta 2014an %0,2koa. Errealitate hau ekonomiaren bilakaeraren islada zen. Gaur egun, badirudi joera hori aldatzen hasia dela. Espero dugu joera berri hau egonkortzea. Euskadiren kasuan, 2018rako espero den hazkundea %2,4koa da, aste honetan Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenen arabera", esan zuen udalbatzarrean EAJko bozeramaile Maialen Gurrutxagak.
Hazkunderik gabeko urteetatik irteten ari garela dirudien arren, euforian erori gabe, baliabide publikoak "erantzukizunez eta zuhurtziaz" kudeatzen jarraitu behar dela defendatu zuen EAJ-PNVren udal gobernuak. "Denok dakigun moduan, Elgoibarko Udalak egoera ekonomiko-finantzarioa osasuntsua dauka. Horrek ahalbidetu du zergadunek igoera nabarmenik ez pairatu izana azkeneko urteetan. Hala ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, elgoibartarren bizi kalitatea hobetzen jarraitzeko hurrengo urteetan baliabideak handitu beharra izango dugu eta egoera jasangarri batetik abiatzea gauza ona da", adierazi zuen Gurrutxagak.
• Salbuespenak
Salbuespenen artean, zaborraren tasa dago. KPIren azpitik geldituko da aurten zaborraren tasa, %1,15ean, hain justu ere. "Zaborraren tasari aplikatzen diogun hazkundea Debabarreneko Mankomunitateak Elgoibarko Udalari aplikatzen dionaren berbera izaten da. Eta historikoki hazkunde hori KPIren gainetik kokatu izan da. Hau da, zabor tasaren hazkundea gainontzeko ordenantza fiskalen hazkundearen gainetik egon izan da. Aurten, aldiz, zabor tasaren hazkundea KPIren azpitik geratuko da, %1,15 hain zuzen ere. Hazkunde hori nahikoa izango da Elgoibarko Udalak Debabarreneko Mankomunitateari, jasotako zerbitzuengatik ordaindu behar dion kopuruari aurre egiteko".
Udal Kirol Patronatuari dagozkion tasak ere KPIaren arabera igoko dituzte, beste urte batzuetan ez bezala. Hala, Elgoibarko Udalak Kirol Patronatuari egingo dion ekarpena KPIren arabera igoko da 2018an, azken urteetan izoztuta egon eta gero.
• Zerga-hobariak guraso bakarreko familientzat
Familia ugarientzako zerga-hobariak onartu dituztela aurreko urteetan gogora ekarri zuen EAJ-k, "IBIan, ibilgailuen gaineko zergan eta Gazteria Sailaren ardurapeko jardueretan, Ludotekan, bereziki". Orain, guaso bakarreko familientzako zerga-hobariak onartu dituzte. Alde batetik, Gazteria Sailaren jardueretan orokorrean, eta Ludoteka zerbitzuan bereziki; eta, bestetik, Jabekuntza eskolaren tasetan.
• 546 euro urteko zergetan
Elgoibarko bizilagunek jasaten duten presio fiskala ere hizpide izan zuten udalbatzarrean. EAJ-k nabarmendu zuen zerga eta tasen bidez elgoibartarrek diru gutxiago ordaintzen dutela tamaina bereko beste herri batzuekin alderatuta. "Elgoibarren 546 euro biltzen dira biztanleko urtean eta gurearen antzeko udalen batez bestekoa 607 eurokoa da. Gure kasuan, 61 euro merkeago biztanleko". Iruzur fiskalaren aurkako mezu batekin amaitu zuten. Zergak “religiosamente” ordaintzea jarrera eredugarria izatea dela defendatu zuten. "Erantzukizuna eta solidaritatea dira goraipatu behar diren jarrerak, eta ez ihesbideak bilatzen saiatzen direnak. Administraziook gizartearen kontzientzia eta sentsibilizazioa indartzen lan egin behar dugu, eta iruzur fiskala sustatzen duten jarrerak saihesten".
• EHBilduren proposamenak
EHBilduk lau proposamen aurkeztu zituen 2018an elgoibartarrek ordaindu behar dituzten zergak eta tasak arautzen dituen ordenantza aldatzeko: Ondasun Higiezin gaineko Zerga (OHZ-IBI) bere horretan mantentzea; OHZ-IBI, etxe hutsei %50eko errekargoa alkilerra sustatzeko, etxebizitza hutsak merkatura ateratzeko helburuarekin; familia ugarientzat hobariak kiroldegian: familien diru-sarreren araberakoa izateko; eta, azkenik, zaborraren gaineko zerga erabilpenean oinarritutakoa izatea.
"Egindako proposamenak ez dituzte aintzakotzat hartu eta horregatik 2018ko ordenantza fiskalen aurka bozkatu dugu", adierazi dute koaliziotik.
EHBilduk honela argudiatu zituen udalbatzarrean bere proposamenak: "Zerbait garbi baldin badugu da zergak zerbitzu publikoen kalitatea bermatzeko ezinbesteko bitartekoak direla. Zergarik gabe, administrazioak, erakunde publikoek ez lukete funtzionatzerik izango (azpiegiturak, osasuna, hezkuntza,…). Ez eta babes sozialerako neurririk martxan jartzerik ere. Beraz, ez goaz proposamen demagogikorik egitera, garbi daukagulako diru-bilketaren jaitsiera handi batek aurrekontuan murrizketak ekarriko lituzkeela, eta horren ondorioz zerbitzu publikoen kalitatea ez litzatekeela inolaz ere bermatuko. Baina beti ere ahaztu gabe zein den herritarren egoera. Datu makroekonomikoak hobeak izan arren errekuperazioa ez da herritar guztien poltsikoetara ailegatu. Gainera, aplikatu diren politikek jendartearen dualizazio prozesu baterantz garamatzate, non batzuk geroz eta aberatsagoak diren eta beste batzuk are txiroagoak. Horregatik zerga politika erabakitzerakoan ezin dugu ahaztu guretzat nagusiak diren printzipioak: ekitatea, progresibitatea eta birbanaketa. Alegia, gehien duenak, gehiago ordaintzea, gutxien duenaren mesedetan, beti ere jakitun udalak arlo honetan jokatzeko duen tartea eskasa dela. Guzti honen ondorioz, orokorrean onartzen dugu proposatzen den KPI-ren igoera baina hainbat neurri proposatzen ditugu familiak pairatzen duten zama gutxitzeko eta zergen progresibitatean oinarrituz, gehien duenak gehiago ordain dezan".