IK4-Ideko enpresa saritu dute Makina Erremintaren Biltzarrean, euskarazko hitzaldi onenarengatik

Barren.eus 2017ko urr. 27a, 17:53

Fabrikazio Aurreratua eta Makina-erremintaren 21. Biltzarra amaitu da gaur Donostian. Elgoibarko enpresek parte hartze nabarmena eduki dute kongresuan eta sarituak ere izan dira. IK4-Ideko enpresako Aitzol Galletabeitiak euskaraz aurkeztutako txosten tekniko onenaren saria jaso du.

AFM Espainiako Makina-Erraminten Fabrikatzaileen elkarteak antolatu duen Makina erremintaren 21. biltzarrak industria konektatuan jarri du arreta aurtengoan. Joan den eguaztenetik gaur arte egin dute batzarra Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoan. 1976. urtean hasi zenetik, ikuspegi zientifiko-teknikoa uztartzen du biltzar honek. Oraingo honetan industriaren digitalizazioan, prozesuen berrikuntzan eta talentuaren kudeaketan sakonduko dute, enpresen eta errekonozimendu handiko hizlarien parte-hartzearekin.

• Saria IK4-Ideko zentro teknologikoarentzat

Biltzarraren itxiera ekitaldian, gaur, lau sari banatu dituzte: enpresa batek aurkeztutako lan onenari; komunitate zientifiko-teknikoak egindako aurkezpen nabarmenenari; eskola tekniko batean egindako ikasturte amaierako proiektu onenari; eta euskaraz egindako hitzaldi onenari. Azken hori Aitzol Galletebeitiak jaso du, Elgoibarko IK4-Ideko zentro teknologikoko Fabrikazio prozesuak ikerketa taldeko ikerlariak. “Disko-birakari bidezko diamantatze eredu zinematikoa” izeneko txosten teknikoagatik jaso du saria. Txosten horretan, Galletebeitiak hurbilpen bat egiten du egun ardatz birakarien zigilatzea egiteko dauden zailtasunetara eta arazo horri aurre egiteko bide desberdinak erakusten ditu.
Gainera, ikerketan aurkezten ditu etorkizunean “dressing-lead”-a ezabatuko duen diamantatze prozesuaren eredu zinematiko-zenbakizko hori garatzeko lan-lerro nagusiak.
Lan horrek, EHUko Ingeniaritza Mekanikoko Sailarekin elkarlanean, proposatzen du hortzaren topografia aurreikusiko duen sistema bat exekutatzea diamantatzaile birakariarekin egindako diamantatze operazio baten ondoren.
“Diamanteen geometriatik eta diamantatze prozesuko sarrera-parametroetatik abiatuz, harriaren emaitza izango den 3D topografia eskuratzea ahalbidetzen du ereduak, gutxi gorabeherako zimurtasun profilak eta baita prozesuan zehar harrotutako material bolumena ere”, dio ikerketaren arduradunak. Informazio osoagoa: https://www.ideko.es

ideko saritua AFM kongresua elgoibar sarituak
Danobatgroup industria digitalaren alde
Danobatgroup-ek ere parte hartze nabarmena izan du Makina-erremintaren biltzarrean, ekitaldiaren babesleetako bat baita. Makina-erreminten eta sistema aurreratuen fabrikatzaileak industria digitalaren alde egin duen apustua aurkeztu du Donostiako biltzarrean. Era berean, taldeko enpresa nagusietan, DANOBATen eta SORALUCEn, abian jarri dituzten kasu praktiko batzuk erakutsi dituzte. Zehazki, Smart HMIa aurkeztu dute. Langileari laguntzen dion interfaze adimendun bat da, eta ekipoen egoerari eta funtzionamenduari buruzko informazioa ematen dio langileari.
Makinen monitorizaziorako Data System plataformaren funtzionaltasunak ere azaldu dira. Plataforma horrek ahalbidetzen du ekipoen egoera ezagutzea, denbora errealean, eta akatsak prebenitzea eta optimizatzea. Era berean, Fabrikazio lerro automatizatuen kudeaketarako Control System sistemaren prestazioak ezagutarazi dituzte, eta Intelligent Components delakoetan sakondu dute, ekipoen doitasuna, fidagarritasuna eta produktibitatea hobetzeko makinan txertatuta doazen gailuak baitira. (iturria: https://www.danobatgroup.com)