Eskualdeko gaztandegietara bisita gidatuak egingo dituzte urrian, Mausitxara aurrenekoa

Barren.eus 2017ko urr. 3a, 17:34

Debemenek antolatuta, Debabarreneko gaztandegietara doako bisita gidatuak egingo dituzte urrian, abeltzainen bizimodua eta gaztak egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko. Elgoibarko Mausitxa gaztandegira egingo dute aurrenekoa, domeka honetan.

Debemen elkarteak eta Eibarko Udalak Debabarreneko II. Gazta astea antolatu dute eskualdeko gaztagileekin batera, urriaren 19tik 22ra bitartean. Ekimen honen baitan, Debabarreneko gaztandegietara bisita gidatuak egingo dituzte urriko zenbait zapatu eta domeketan. Doako bisitak izango dira Mallabian, Itziarren, Eibarren, Mutrikun eta Elgoibarren dauden gaztandegietara. Bisita bakoitzak ordubeteko iraupena izango du eta gazta dastatzeko aukera izango dute partaideek. Interesatuek Debemenen bulegoan eman behar dute izena (Telefono zenbakia: 943 744 067).
Lehenengo bisita gidatua Elgoibarko Mausitxa baserrira izango da, domeka honetan (urriak 8), 11:00etan. Hona hemen bisita guztiak:

  • Mausitxa baserria (Elgoibar) urriak 8, 11:00etan
  • Mallegoi baserria (Mallabia) urriak 14, zapatua, 16:30ean
  • Doniene baserria (Itziar-Deba) Urriak 15, domeka, 11:00etan
  • Sosola baserria (Eibar) Urriak 28, zapatua, 16:30ean
  • Goienetxe baserria (Mutriku) Urriak 29, 11:00etan

 

• Debabarreneko II. Gazta astea
Urriaren 19an, 20an eta 22an egingo den Debabarreneko Gazta Astearen egitaraua honakoa izango da:

  • Urriaren 19an: Pintxo potea Eibarko tabernetan, eskualdeko zazpi gaztekin: Egixa ardi gazta (Itziar) Sosola ardi gazta (Eibar) Mausitxa ardi gazta (Elgoibar) Goienetxe ardi gazta (Mutriku) Onandi ardi gazta (Mallabia) Egotza ahuntz gazta (Soraluze) Mallegoi behi gazta (Mallabia)
  • Urriaren 20an: Debabarrenako II. gazta astearen aurkezpena, Malen Sarasua gazta ikertzaileak zuzendutako ekitaldia eskualdeko zazpi gaztagileen parte hartzearekin Ardi gazta: EGIXA, Haritz Sudupe (Itziar); GOIENETXE, Beñat Egaña (Mutriku); MAUSITXA, Iñaki Ansola (Elgoibar); SOSOLA, Enrike Gisasola (Eibar); ONANDI, Eñaut Gallastegi (Mallabia). Ahuntz gazta: EGOTZA, Nagore Martín (Soraluze). Behi gazta: MALLEGOI, Ruben Markina (Mallabia). Tokia: Eibarko udaletxeko patioan. Ordua: 19:30ean. Ekitaldian eskualdeko zazpi gaztak dastatzeko aukera izango da eskualdeko txakoli eta ogiarekin batera. Dastaketan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago.
  • Urriaren 22an:

10:00-14:00 Gazta azoka Erakustaldiak. Gazta egiteko prozesua erakutsiko dute eskualdeko artzainek, Eibarko Untzaga plazan. Hasi esne gordinetik gazta egiteraino. Latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua Irute eta ehuntzea Artile tindaketa Taberna
11:30-12:30 Umeentzako Tailerrak (gehienez 10 ume tailerreko) Gazta egin, irute eta ehuntzea eta artile tindaketa.