Debabarreneko Aste Ekologikoak baserritarren produktuak jarriko ditu balioan urriaren 1etik aurrera

Barren.eus 2017ko ira. 27a, 17:32

Debabarreneko VI. Aste Ekologikoa domeka honetan, urriaren 1ean, hasiko da Eibarko VI. azoka ekologikoarekin. Leku desberdinetako ekoizleak egongo dira azokan, tartean elgoibartarrak.

Eibarko udala, Debemen eta Biolur elkarteak antolatutako azoka honetan, gure baserrietako produktu desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da,10:00etatik14:00rak bitartean, Eibarko Untzaga plazan. Elgoibarko Txillarrek eta Ekoalborazek ere jarriko dituzte barazki postuak azokan. Horiez gainera, besteak beste, Aia, Zumaia, Eibar, Antzuola, Zumarraga, Zarautz, Aretxabaleta, Soraluze, Muskiz, Falces edo Peraltako ekoizleak egongo dira azokan. Era guztietako produktuak eskainiko dituzte horiek: ogia, umeentzako arropa ekologikoa, baratxuriak, gazta, eztia, ardoa, mermeladak, olioa, e.a.

• Produktu guztiek bi ezaugarri
Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: modu ekologikoan zainduak eta era artisau batetan elaboratu dituztela. "Honek zer esan nahi du? Modu laburrean azalduta, natura, animali eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztuta izan direla", azaldu dute antolatzaileek.  
Abantailak asko direla azpimarratu dute, "ekoizpen ekologikoek gure osasunaz gain gure ingurunea zaintzen dituztelako modu iraunkor eta jasangarri batetan".
Azokari esker, ekoizleek salmenta burutu eta bide batez kontsumitzaileak informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo dira-eta produktu horiek ekoizten dituztenak. Edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea izango da.
Honetaz gain, azokan ekintza desberdinak izango dira, ekoizleak ezagutzeko elkarrizketak, azokako produktuekin osatutako otarren zozketa...
Goizean egingo dituzten tailerrak honako hauek izango dira:

  • 10:00etatik 14:00etara Ogia egiteko tailerra, Eibarko Sosola baserrikoen eskutik.
  • 11:00etann Landaketa tailerra.
  • 11:00etann Askari osasuntsuari buruzko tailerra.

Ekintza gehiago datorren astean
Eibarko azokaz gain, astean zehar baserri bisitak izango dira. Hala, urriaren 4an Itziarko Doniene Berri baserrira antolatu dute bisita gidatua, baratzazaintza ekologikoa ezagutzeko. 18:00etatik 20:30era izango da bisita. Urriaren 5ean, berriz, Mutrikuko Basailun baserriaren txanda izango da. Frutazaintza eta baratzezaintza ekologikoa landuko dituzte bisitan. 18:00etatik 20:30era izango da. Aipaturiko bi bisitak debalde izango dira baina izena eman behar da Biolur elkartean (943 761 447)
Ekolapiko Eguna urriaren 7an
Ekolapiko Eguna antolatu dute urriaren 7rako. Eibarko Urkizu plazan izango da. Tailerrak, antzezlanak eta umeentzako jolasak eskainiko dituzte, goiz eta arratsaldez. Ekolapiko egitasmoa bertako baserrietan sortutako elikagaiekin, elikadura ekologikoa eta osasuntsua eskoletako jangeletan txertatzeko asmoarekin sortu zuten. Haurren osasuna bermatu nahi dute, jatorri ekologikodun elikagaien bitartez. Era berean, bertako nekazaritza ekologikoaren garrantzia azpimarratu nahi dute, baserrietako etorkizuna bermatuz.

azoka ekologikoa debabarrena elgoibar kartela