Ardi Latxaren 43. Gazta Lehiaketa prestigiotsua egin dute gaur Ordizian, Euskal Jaien barruan. Iaz gertatu zitzaien moduan, lehen saria irabazteko atarian gelditu da Elgoibarko mausitxa gaztandegia Euskal Herrian egiten den gazta lehiaketa garrantzitsu bezain entzutetsuan.
Mausitxak hiru alditan irabazi du Ordiziako txapelketa (2005, 2007 eta 2009) eta, horrez gainera, 2005etik 2014ra artean Ordiziako gazta txapelketa irabazi zuten gaztagileek parte hartu zuten Ordizia Txapeldun Saria ere irabazi zuen 2014an. Urte hartan, gaurko eta 2016ko txapelketan bezala, bigarren saria eskuratu zuen Mausitxak Ordizian.
• 8.200 euro gazta erdiagatik
Jose Luis Odriozola aiarrak aurkeztutako gaztak irabazi du gaur Ordiziako gazta txapelketako sari nagusia. Carrefour merkatal guneak erosi du gazta erdia, enkantean 8.200 euro ordainduta. Hirugarren saria Bizkaira joan da, Zeanuriko Ipiñaburu gaztandegira. Guztira 45 gazta aurkeztu dira lehiaketara.
• Lehen saria Elgoibarren
Duela egun gutxi, San Bartolome jaietako Baserritarren Egunean, Elgoibarko Gazta Txapelketa irabazi zuen Mausitxako gaztak.
•Txillarrerentzat saria barazkietan
Gazta lehiaketaz gain bestelako lehiaketak ere egiten dituzte Ordizian, tartean Barazki Lehiaketa, eta hor Elgoibarko Txillarre baserriko Argiñe Rubiok jarri duen barazki postuak lortu du lehen saria. Iaz ere lehen postua jaso zuen Txillarrek.