DANOBATGROUP industri taldeak informazioaren eta komunikazioaren teknologien aplikazioan oinarritutako balio erantsi handiko sistemak garatzearen alde apustua egin du, eta apustu horretan kokatzen du DANOBATek, industri talde horren kideak, garatutako tailerra. Proiektua 2013an hasi zen eta 100 milioi euro baino gehiagoko zifrara heldu da.
Garatu duten instalazioa Australiako Pilbara eskualdean dago, basamortu zonalde batean, hirigune hurbilenetik 1700 kilometro baino gehiagora. Zonaldea ezaguna da jarraian 160 egun baino gehiagoan 38 graduko tenperatura gainditzen delako. Planetaren txoko babesgabe horretan muturrekoak dira baldintza klimatikoak, baina, era berean, baliabide mineral ugari dago. Bertan du BHP Billiton enpresak mineral erauzketa leku bat eta mineral hauek portuetako terminaletara garraiatzen diharduten trenak konpontzeko eta mantentze lanak egiteko diseinatu du Danobatek tailer digital erabat automatiko bat.
Instalazioa gai da 28 minutuan behin bagoi bat konpontzeko, beraz, trenen mantentze lanak erabat automatizatuta egiteko munduan dagoen soluziorik aurreratuena dela azpimarratu dute gaur goizean Elgoibarren egin duten aurkezpenean. Ane Beitia Elgoibarko alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak parte hartu dute ekitaldian.
Xabier Alzagak, DANOBATeko zuzendari gerentearen berbetan, “bagoiak konpontzeko instalaziorik aurreratuena da munduan, eta, kontrol sistema adimendunekin egin dugun lehen tren proiektua izan ez bada ere, fabrikazio digitalaren paradigma berrirako behin betiko trantsizioa izan da guretzat”.
Informazio osoagoa: danobatgroup.com