Txankakuak 1.000 euro zozketatuko ditu, arratsalde batean gastatzeko

Barren.eus 2017ko eka. 9a, 14:35

Txankakua Elgoibarko Merkatarien Elkarteak 25 urte bete ditu, eta bezeroen fideltasuna eskertzeko 1.000 euro zozketatuko ditu ekainaren 15ean erosketak elkarteko dendetan egiten dituzten lagunen artean. Saria herrian gastatu beharko da, arratsalde bakar batean.

Hiru orduan 1.000 euro gastatu beharko ditu Txankakua merkatari elkarteaak egingo duen zozketako irabazleak. Izan ere, datorren ekainaren 15ean Txankakuako komertzioetan egiten diren erosketa guztiek 1.000 euroko zozketan parte hartuko dute. Egun horretan erosketak egiten dituzten bezeroek erosketa tiketa dendetan egongo diren kutxetan sartu beharko dute, euren izen‐abizen eta telefonoarekin batera. Egun berean, ekainaren 15ean bertan, egingo dute zozketa. Arratsaldeko azken orduan jakinaraziko dute sarituaren izena.

• Hiru orduan 1.000 euro
Sariak, baina, baldintza batzuk ditu. Batetik, sarituak 1.000  euroak  arratsalde  bakar  baten  gastatu  beharko ditu, 17:00etatik 20:00etara. Txankakuako maskotek lagunduko diote dendaz-denda egin beharko duen ibilbidean orgatxo batekin. Izan ere, gutxienez, elkarteko sei dendatan egin beharko ditu erosketak, horixe baita beste baldintzetako bat.
Txankakuak ekimen hau antolatzeko Eusko Jaurlaritzako Turismo Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Elgoibarko Udalaren lankidetza eskertu ditu.