2018ko aurrekontuak aurkezten eta herritarren ekarpenak jasotzen dabiltza Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. Maiatza eta ekaina bitartean herriz herri ibiliko dira Gipuzkoako 37 herritan. Elgoibarrera joan den barixakuan, maiataren 26an ailegatu ziren.
Aurrekontu Irekiak kanpainaren bitartez, gipuzkoar guztiek parte hartu ahal dute Foru Aldundiaren 2018ko aurrekontuen osaketan, sustatzaileen esanetan. Elgoibartarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta aurrekontuetan txertatzeko helburuarekin, karpa Foru Enparantzan egon zen. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak bertan azaldu zuenez, hilabete osoa daramate Gipuzkoan herriz-herri, “herrritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso eta entzuteko. Aldundia zertan aritzen den azaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, datuen bitartez esplikatuz nolako garrantzia duen Aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan, jendea parte hartzera animatuz. Garrantzitsua iruditzen zaigu erakundea gerturatzea, oraindik ere horren inguruan dagoen ezezagutzari aurre egiteko, eta konfiantza areagotzeko”, adierazi zuen.
Zehaztu dutenez, karpa 10:00etatik 19:00etara egon zen zabalik eta hainbat lagun gerturatu ziren. Arretarako teknikariak izan ziren bertan, parte hartzeko interesa zutenei Aldundiaren aurrekontuen edukia azaltzeko, laguntza eskaintzeko, zalantzak argitzeko, eta proposamenen bilketa sustatzeko. Bertan izan ziren Ane Beitia alkatea eta Josu Arraiz Hirigintza zinegotzia ere, ekimena bertatik bertara ezagutu, eta Lasari herriaren premia nagusiak helarazi asmoz. Orain arte, Aldundiak 1.700 proposamen baino gehiago jaso ditu guztira, iazko kopurua nabarmen gaindituz. Ahalegin horretan jarraituko du ekaina bukaera arte.
• 4.0 industria
Horrez gain, Lasa topaketak egiten ari da hainbat eragilerekin, horietako asko ikasleekin, gazteenei Aldundiaren lana ezagutaraztea eta haien kezkak jasotzea baita helburu nagusietako bat. Elgoibarren, Makina Erremintako Instituko irakasle eta ikasleekin batzartu zen. 4.0 industria eta fabrikazio aurreratuko teknologiak izan ziren jorratutako gai nagusietako bat: arlo horretan perfil berriak identifikatzeko eta definitzeko, ikasketarako on line plataforma bat sortzea, profesionalentzat eguneratzeko formakuntza eskaintzea, edota teknologia horien ezagutzan enpresa txiki eta ertainei babes handiagoa eskaintzea proposatu zioten, besteak beste. Halaber, Lanbide Heziketan ‘Renove Plan’ bat abian jartzea, lankidetza publiko-pribatuan sakontzea, gipuzkoar hornitzaileak hobestea, eta sektorean kontziliazioa eta erantzukidetasun partekatua bultzatzea eskatu zuten, azpiegiturak hobetzeaz gain lehiakorragoak izateko. Garraio publikoaren arloan, Elgoibar-Eibar maiztasunak handitzea izan zen beste eskaera bat.
• Proposamenak Internetez
Diputatuak probetxuzkotzat jo zuen topaketa, parte-hartzaileen prestutasuna eskertuz, eta gogorarazi zuen bileran parte hartu ez zutenek eta karpara joateko aukerarik eduki ez zutenek ere, norbanakoak edo kolektiboak izan, beraien proposamenak aurkez ditzaketela ekainaren 30era arte, etxez etxe banatutako esku orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuz. Internet bidez ere parte hartu ahal izango da, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean. Proposamenak bidaltzeaz gain, bi aukera ematen zaizkie herritarrei: haientzat Gipuzkoaren etorkizuneko erronka nagusia zein den zehaztea, eta Aldundiak zein arlotan inbertitzea nahiko luketen adieraztea. 16 urtetik gora edukitzea da baldintza bakarra.
Proposamen guztiek erantzuna edukiko dute memoria batean, arrazoituko duena zeintzuk onartzen diren, zeintzuk ez, eta zergatiak. Parte-hartzaile guztiei helaraziko zaie memoria 2018ko urtarrilean. Horrez gain, aurrekontuetarako onartutako eskaera edo proiektuak nola gauzatzen diren jarraitu ahal izango da.
• Gaur Mendaron jarriko dute karpa
Aurrekontu irekien karpa herriz herri ibiliko da, Gipuzkoako 37 udalerritan guztira, maiatza eta ekaina bitartean. Gaur (maiatzak 30), Mendaroren txanda izango da. Egunean zehar, 10:00etatik 19:00etara, bi karpa jarriko dira Mendaroko herriko plazan. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018ko aurrekontu irekiak aurkeztuko ditu eta herritarren ekarpenak jasoko ditu.
Partaidetza@gipuzkoa.eus posta elektronikoan, eta 943 113 960 telefonoan, proposamenak bidaltzeko epea zabalik dagoen bitartean, interesa duten guztiek informazioa eta aholkularitza jaso ahal izango dute horiek prestatzeko.