SPRI Taldeak, Eusko Jaurlaritzako enpresa garapenerako agentziak jakinarazi duenez, SPRI Taldearen barruko Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa-AKEKS S.A.k kudeatzen duen Lanpar FCR funtsak 500.000 euroko inbertsioa egin du Engranajes Grindel S.A.L. enpresan parte hartzeko, horrela osatu egin duelarik bertako 33 langilek egin duten 800.000 euro inguruko inbertsioa. Funts hori Eusko Jaurlaritzak eta ASLEk sortu zuten elkarrekin, enpresetako langileek aukera izan zezaten beren konpainietako kapitalean parte hartzeko.
• Enpresako akziodun
Inbertsio horren ostean, langile gehienak enpresako akziodun bihurtu dira eta, eta SPRIren arabera, agerian jarriko dute garatzen ari diren enpresa proiektuarekin daukaten konpromisoa. "Funtsaren bidez bultzatzen den enpresa-ereduak helburutzat du langileek enpresaren esparru guztietan parte hartzea, eta hartara, erantzukidetasun kultura bat sortzea", adierazi dute.
Engranajes Grindel Elgoibarren dago, Arriaga industrialdean, 62 langile ditu, eta zehaztapen handiko engranajeak eta ardatz ildaskatuak fabrikatzen ditu serie ertain eta laburretan.
Gaur egun, Engranajes Grindel enpresak munduko hamabost herrialde baino gehiagora esportatzen ditu bere produkzioaren %65. Nazioartean, konfiantzazko hornitzailea da fabrikatzaile eta talde multinazional garrantzitsuenentzat sektore askotan: garabiak eta polipastoak, ibilgailu berezietarako transmisio mekanikoak, nekazaritzarako makinak, bereizgailu eta dekantagailuak, punpak eta konpresoreak, mota guztietako motorrak, robotika eta makina-erreminta.