Danobatek saldutako makinen %90 saldu zituen atzerrian 2016an

Barren.eus 2017ko mai. 19a, 13:21

Danobat kooperatibako langileek gaur egingo dute urteko batzar nagusia Herriko Antzokian, 16:00etan. Bertan, 2016. urteko kontuak onartzez gain, 2017ko helburuak aztertu eta onartuko dituzte.

Nazioartean egindako salmentek markatu dute Danobaten 2016ko ekitaldia: saldutako makinen %90 saldu dituzte atzerrian. Danobateko arduradunek nabarmendu dute sektore aeroespazialaren baitan, Alemania eta Ameriketako Estatu Batuetako merkatuetan izan duen arrakasta. Nazioarteko merkatu aeroespazialean lehiatzeko, Danobateko produktu eta zerbitzuek izan behar duten balio erantsia “handia” dela azaldu dute. Hori dela eta, goi-mailako ikasketak dituzten langile kalifikatuekin lan egitea “ezinbestekoa” zaio erakundeari. Langileen garapen profesionala kooperatibaren erronka estrategikoen artean dago. Enpresako arduradunek adierazi dute 2016ko ekitaldiko emaitza positiboek aukera emango dutela aurrerantzean ere herriko zein inguruko erakunde sozialetan lantzen eta gauzatzen diren proiektu sozialei laguntza eta babesa emateko.