Aurreikuspen ekonomiko itxaropentsuekin ospatu du 70. urteurrena AFMk (Advanced Manufacturing Technologies). Urteko asanblada egin berri du
makina-erremintaren klusterrak, eta 2016ko kontuen balantzea onetsi zuten bertan. Xabier Ortueta AFMko zuzendariaren berbetan 2016ak egonkortasuna ekarri du sektorera.
AFMk %1,5eko hazkundea ezagutarazi du, baita 1.500 milioi euroko salmenta guztien %85 esportazioak izan zirela ere, %6,5 inguruko igoerarekin (1.185 milioi euro). 2016an egonkortzen hasitako ibilbideak bultzada handia izan du azken hilabeteotan, sektoreak 626 milioi euroko eskabide-zorroarekin eman baitio urteari hasiera, hau da: %41 igo da fakturazioa 2016ko aurreneko hiruhilekoarekiko.
AFMko 122 enpresek (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) lortutako enkargu horiei esker, Clusterraren aurreikuspenen arabera, bere fakturazioa %8 edo %10 inguru handituko da 2017. urtea amaitzean. Hazkunde horrek, aktibitate gehiago eta langileen kontratazio berriak ekarriko dituela aurreratu dio Berria egunkariari eginiko adierazpenetan Xabier Ortuetak: "Normalean, horrela izango da". Gaur egun, 6.200 enplegu zuzen ematen ditu sektoreak.
"Inflexio puntua gertatu da merkatuan", esan du Lopez Usoz AFMko presidenteak. Ziurgabetasuna ez dela berehala desagertuko egia da, baina AFMko burua baikor dago oso, batez ere Europa martxan jarri delako, eta Alemania delako euskal industriaren sektore garrantzitsu horrentzat oinarrizko merkatua.
- Informazio osoagoa: www.afm.es