Iñigo Urkullurekin batera Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Teknologia, Berrikuntza eta Lehiarkotasun sailburuorde Estíbaliz Hernáez Laviñak ere parte hartu dute Elgoibarko AVS enpresara egin duten bisitan.
Jon Osoro eta Ricardo Diego elgoibartarrek eta Migel Angel Carrera gasteiztarrak sortu zuten AVS enpresa 2006an. Gaur egun ikerketa zientifikorako instalazio eta ekipamendu handietarako konponbide teknologikoen hornitzailea da. AVSk pisu handia du esportazioetan, eta Europako Espazio Agentziarekin egiten du lan Marteko sateliteetako bateko materiala, gero ikertzeko asmoa dutena, jasotzeko misio batean. AVSren ardura, zehazki, satelite horretan kokatuko den nabearen lurreratze-trenaren teknologia eta gainazaletik materiala jasoko duen beso robotikoa garatzea da.
Enpresako hiru bazkideek bisita gidatua eskaini diete Urkulluri eta Tapiari. Lehendakariak adierazi die Eusko Jaurlaritzak intentsitate teknologiko handiko enpresen sektoreari laguntzeko lerroak berrikusteko asmoa duela. Era berean, Urkulluk nabarmendu du AVS Basque Industry 4.0ren adibide argia dela.
• Giza garapen jasangarria
Eusko Jaurlaritzak Euskadiren garapenari “egonkortasuna” emateko hartuta duen konpromisoa azaldu du lehendakariak bisitaren amaieran egin dituen adierazpenetan. Eusko Jaurlaritzak Euskadin “giza garapen jasangarria” sustatzeko eta bere garapenean egonkortasuna bermatzeko duen asmoa azpimarratu du lehendakariak. Exekutiboak, horretarako, hiru oinarrizko helburu sustatuko ditu nagusiki. Lehenik eta behin, 2017ko Aurrekontuak onartu behar dira, “inbertsio-lerroak eta ekintzailetzara eta jarduera-sektore berrietara bideratutako laguntzak gehitzeko aukera” emango duten aldetik. Gainera, Urkulluk adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2020rako Ekonomiaren Susperraldiaren eta Enpleguaren Aldeko Esparru Programa berrian aurrera egitea eta, aldi berean, Euskadin elkarbizitza normalizatua finkatzea.
Martitzenero egin ohi duten moduan, NASA agentzia espazialarekin harremanetan jartzea eta kolaborazio horri eustea opatuz amaitu du Urkulluk enpresako langileez inguratuta egin dituen adierazpenak. (ikus ekitaldiko bideoa irekia.euskadi.eus web orrian)