Gatzatu tailerra egingo dute hil bukaerako aurtengo lehen ferian

Barren.eus 2017ko ots. 22a, 20:07

Hil buerako feria antolatu du Elgoibarko Udalak zapaturako Debemen elkartearekin elkarlanean. Aurten zortzi hil bukaerako azoka egingo dira Elgoibarren (uztailean, abuztuan eta abenduan ez da egingo) baserritarrek eta kontsumitzaileak biltzeko eta bide batez bertako produktuen kontsumoa sustatu eta hemengo ekonomia indartzeko.

Debemen Landa Garapen elkartetik jakinarazi dutenez, baserritarrek ekoiztutako produktuen salmenta zuzena, herrien garapenera loturik joan da historian zehar. Azokaren bidez herritarrak oinarrizko jakiez hornitzen ziren, eta famili asko baserriko jardueretatik bizi izan ziren azokak bideratutako aktibitateari esker.

"Gure gizarteak tokiko merkatuari eman dion garrantzia gutxitzen joan den arren, badirudi egoera hau bere onera bueltatzen ari dela eta nekazaritzak gure gizartean duen garrantzia geroz eta gehiago ulertzen dela", azaldu dute.
Azokak bultzatu nahi dira, baserrien betiko ekoizpen eredu dibertsifikatua bultzatuz eta tokiko merkatura bideratuz.

Kalitatezko, garaian-garaiko eta konfiantzazkoak diren bertako produktuen aldeko apustua eginez, baserritarrei aukera berriak irekitzen zaie jarduera aurrera eramateko.
"Salmenta zuzenak ematen dituen abantailak landu behar dira. Baserritarrei bizimodu duina bermatzen diena, eta herritarrei kalitatezko eta konfiantzazko elikagai osasuntsuak ziurtatuko dizkiena".

• Gatzatu tailerra
Azoka egunetan, tailerrak ere antolatu dituzte haur eta gazteentzat, baserriarekiko sentsibilizazioa pizteko helburuarekin. Zapatukoan, gatzatuaren prozesu osoa ikasiko dute.