Zoru klausulak zer diren azalduko dute Maite Ortiz eta Jose Mari Erauskin abokatuek Eibarren eskainiko duten hitzaldian. Interes tasen jaitsiera saihesteko bankuek euren hipoteka kontratuetan jartzen dituzten gutxieneko interesak dira zoru klausulak. Euriborra aplikatutako zorua baino apalago egon denean, bezeroei ez die inolako mesederik egin, bankuek ezarritako minimoa ordaindu ahal izan dutelako orain arte. Hortik gorakoa izan denean, baina, haren arabera pagatu behar izan dute bezeroek. Zoru klausulen auzian agintariek, gure ordezkari politikoek, jokatu duten papera aztertuko dute, eta gehiegizko klausulak ordaindu dituztenek diru hori kobratzeko eman beharreko pausoak ere aztertuko dituzte. Era berean, ohartarazpen batzuk ere egingo dituzte, ikusi dutelako auzi honetan ere badirela bezeroen ezjakintasunaz baliatuz iruzurra egiteko ahaleginean ari direnak. Erauskinek Eibarko eta kitto... aldizkariari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, zoru klausulen inguruko azken epaiak "zurea dena" berreskuratzeko aukera eskaintzen du.
Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Portalea kultur etxean.
Bestalde, Debabarreneko Kaleratzeak Stop elkarteak asteroko bilera irekiak jarraitzen ditu egiten Portalean, eguenetan, arratsaldeko 19:00etan hasita.