2016. urtea oso gorabeheratsua izan dela azaldu dute AFM Espainiako makina erreminta ekoizleen elkarteko presidenteak eta zuzendariak, Antxon Lopez Usoz eta Xabier Ortueta, hurrenez hurren. Zailtasunak zailtasun, baina, sektoreak goranzko joerari eustea lortu duela nabarmendu dute. Azken urtean %1,8 hazi dira salmentak; 1.500 milioi eurotik gora fakturatu dute sektorea osatzen duten enpresa guztiak. Zehaztu dutenez, enpresek proiektuak ixteko behar duten denbora gero eta luzeagoa da, eta horrek eragingo du fakturazioaren zati bat 2017an gauzatzea.
• Autogintzaren industriaren inbertsio handia
"Hazkunde txiki bat izan dugu, baina 2016a urte nahasia eta zaila izan da. Arrankearen azpisektorea larri ibili da merkatu tradizionaletan, Alemanian, Txinan, AEBetan, Indian, Errusian eta baita Espainian ere", azaldu du Lopez Usozek. Merkatu horiek "ahultasun zantzu argiak" erakutsi dituztela erantsi du. "Horrek eragin du, nahiz eta fakturazioan hazkunde txiki bat egon arren, eskaera poltsan behera egin dugula". Arrankearen jaitsiera deformazioaren azpisektorearen igoera historikoak orekatu du balantzea. "Autogintzaren industriaren inbertsioa handia izaten ari da, eta kontratu ugari lortzen ari gara merkatu guztietan. 2017rako ere aurreikuspen onak egin daitezke azpisektore horri dagokionez".
• 2017rako aurreikuspena
Izaera esportatzaile petoa dauka makina-erremintaren sektoreak, eta munduko merkatuetan ez dago egonkortasunik aspaldi honetan, baina, hala ere, 2017rako ez ditu aurreikuspen txarrak egin. Lan karga "sendoa" dagoela jakinarazi du AFMko buru Lopez Usozek, deformazioaren azpisektoreak lortutako "kaptazio historikoari esker". 2016an, fakturazioaren %76,8 esportazioei esker izan da; 2015ean %75,4 izan zen.
"Gure enpresek, nagusiki, eskaera eta proiektuen sarrera eskuratzeko borrokatu beharko dute, baina deformazioaren azpisektoreak duen kaptazio bikaina ikusita, badirudi 2017an hazkundea izango dela fakturazioan", esan du AFMko zuzendari Xabier Ortuetak . "Ez dugu ahaztu behar egungo egoera geopolitikoa erabat aldakorra dela, etxean, Europan zein nazioartean, baina hala eta guztiz ere, sektoreak antzeko urtea izango duela espero dugu". (iturria: berria.eus)