TKgune Fabrikazioa Berrikuntza eta Teknologia Transferentziazko Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, tartean IMHk, TKgune Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketa antolatu dute aurten, hirugarren urtez. Bederatzi egitasmo aurkeztu dira lehiaketara eta epaimahaiak eOntzia izeneko proiektua saritu du. Mikel Diez La Salle Berrozpeko elektronikako ikasle ohiak eta Krystof Kwiatkowski Zubiri Manteoko informatikako ikasle ohiak garatu eta aurkeztutako proiektua da eOntzia.
•Zaborrak biltzeko sistema eraginkorragoa
Egileek azaldu dutenez, zaborrontzietan jarriko luketen gailu edo sentsore baten bidez zaborrak biltzeko sistema eraginkorragoa izango litzateke. Izan ere, web aplikazio batean jasoko lituzkete gailu elektronikoak bidalitako datuak: zaborrontzien zabor maila, bateriaren maila eta GPSari esker ontziaren kopapen zehatza, besteak beste. Informazio hori web orrian grafikoki eta mapen bidez ikusteko aukera izango litzateke denbora errealean, eta hala, ebidentzietan oinarritutako erabakiak hartu ahal izango lituzkete arduradunek. Adibidez, bilketa egin behar duten enpresek bilketa kamioientzako ibilbide egokiena aukeratu ahal izango lukete datu horietan oinarrituta, erregaia murriztu eta dirua aurreztuz, egileen esanetan. Gainera, gaur egun dauden zaborrontzietan jartzeko moduko gailuak direla zehaztu dute.
Mikel Diezek azaldu duenez, gizartean dauden problematika ezberdinei irtenbide teknologiko bat topatzea izan zen ideia honen abiapuntua. Eta zaborren kudeaketa pil-pilean dagoen gaia delako aukeratu zuten. “Gero eta hondakin gehiago sortzen ditugu eta arazo honi irtenbidea emateko ahaleginak betikoak dira. Gainera, gure sistemak berdin funtziona dezake atez ateko sistemarekin zein bosgarren edukiontziarekin”.
•Gauzen Interneta
IMHko irakasle Roberto Altzerrekak nabarmendu duenez, aurtengo lehiaketa irabazi duen ideia industriala izateaz gainera, berritzailea ere bada. “Bete-betean sartzen da 4.0 industria delakoan. Internet of things edo gauzen interneta deitzen diotenaren adibide garbia da. Izan ere, gauzak hobetu ahal izateko informazioa zehatza edukitzea ezinbestekoa da eta aukera hori eskaintzen du eOntzia proiektuak. Epaimahaikideok ez genuen zalantzarik izan eta aho batez erabaki genuen saria ematea”, adierazi du.
Honakoa, baina, ez da ideia honek jaso duen aurreneko saria izan, Zaragozako Don Bosko Sarietan ere saritu baitute eOntzia.
∞Lotura duten albisteak:
- Bizikleten platerak hobetzeko proiektua saritu dute enpresa industrialen ideia lehiaketan (2015-11-18)
- Asier Lizarralde elgoibartarrak irabazi du gazteentzako Asmaola+enpresa industrialen ideia lehiaketa (2014-11-07)
- Abian da Gazteentzako Asmaola+ Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren estreinako edizioa (2014-05-06)
- Elgoibarko Udalak errekonozimendua egin die makina-erremintaren sektoreko eragileei (2014-04-30)
- Urte osoko egitaraua Elgoibarko makina-erremintaren mendeurrena ospatzeko (2014-04-15)