Industria espiotza leporatuta atxilotu zuten Antton Zubiaurre mendaroarra 2010eko ekainean eta gaur hasi da bere aurkako epaiketa Bilboko 5. Zigor Arloko epaitegian.
Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren garaian Sprilur enpresa publikoko lehendakaria izan zen Antton Zubiaurre eta Patxi Lopezen garaian SPRIko goi kargudun baten posta elektronikoan sartu eta espioitza informatikoa egin izana onartu du gaur epailearen aurrean.
Pedro G.P. goi kargudunaren mezu elektronikoak irakurri zituen, hain zuzen ere, Sprilur Eusko Jaurlaritzako eraikuntza industrialerako lurzoruen sustapeneko sozietate publikoan lan kontratazioak eta hirigintzako izapideak egiten zituenarenak. Antton Zubiaurrez gainera, Iñaki U. Sprilurreko langilea ere eseri dira akusatuen aulkian.
Zubiaurrek bideokonferentzia bidez deklaratu du, mediku arrazoiak tarteko. Espioitza delitua aitortu du eta posta elektronikoko pasahitzak beste akusatuari bidali zizkiola gaineratu du, nahiz eta ez duen argitu zergatik zelatatu zuen haren posta elektronikoa. Aldi batean norbait Pedro G.P. goi kargudunaren posta elektronikora bere etxetik sartu zela frogatu bada ere, Zubiaurrek esan du berak ez zuela horrelakorik egin eta norbaitek hori manipulatuko zuela iradoki du.
Fiskalak espioitza informatikoa egitea leporatzen die bi akusatuei. Hori dela eta, fiskalak sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du Zubiaurrerentzat eta bederatzi hilabetekoa bestearentzat. (iturria: eitb.eus)