Elgoibarko Alcorta Forging Group enpresan bisitan izan da Markel Olano diputatu nagusia

Barren.eus 2016ko ira. 16a, 12:46

Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia Elgoibarren izan da gaur goizean Alcorta Forging Group-en instalazioetan, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu enpresa hau langileen parte hartzeari eta nazioartekotzeari dagokionez egiten ari den ahalegina. Alor horietan, Alcorta “enpresa erreferentea” dela nabarmendu du Olanok.

Markel Olano Diputatu Nagusia, Ekonomia Sustapena eta Ogasuneko diputatu Ainhoa Aizpuru eta Jabier Larrañaga Ogasun diputatuarekin batera, Alcorta Forging Group enpresan izan da gaur. Enrique Ranedo, Lorenzo Mendieta eta Iñigo Palomino, enpresaren lehendakaria, zuzendari nagusia eta finantza zuzendaria, hurrenez hurren, izan dituzte gidari Diputazioko arduradunek.


Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Alcorta Forging Group enpresa erreferentea da forja munduan. Automobilentzako osagaiak diseinatu eta fabrikatzen egiten du lan. Azken urteetan tinkotasunez aurrera eraman duen estrategiari esker Europa, Asia eta Amerikako merkaturik garrantzitsuenetan egotera iritsi dela azaldu dute enpresako arduradunek, eta bulegoak ditu Txinan, AEBn, Hego Afrikan, Txekiar errepublikan, Alemanian eta Frantzian.


Era berean, Alcorta 2007tik lanean ari da enpresan langileen parte hartzea sustatzea helburu duen jarduera ildoan. Lehenago Mahle talde multinazionaleko kide izan zen, baina urte hartan bere betiko akziodunen jabetza izatera pasa zen berriz ere eta langile talde bat gehitu zitzaien akziodun gisa. Ordutik norabide horretan ari da lanean Alcorta, enpresaren kapitalean langileen parte hartzea zabaltzeko helburuarekin.


Enpresa honek sustatzen duen parte hartze eredua ezagututa, Diputatu Nagusiak azpimarratu egin du bertako kide guztiak norabide horretan egiten ari diren ahalegina. “Alcorta Forging Group-eko esperientziak baieztatzen duen moduan, enpresetan pertsonen parte hartzea sustatzea giltzarri da lurraldean erabakitzeko zentroak finkatzeko. Gipuzkoan adibide esanguratsuak ditugu, eta esperientzia horiek erakusten digute pertsonak enpresako erabakitze guneetara hurbiltzeak lehiakortasunean hobetzea ekar dezakeela, talentua sustraituz eta konpainiako kideak proiektuarekin duten konpromisoa indartuz”, adierazi du.
Alde horretatik, lurraldeko ekonomia sarearekin batera Foru Aldundia egiten ari den apustua berretsi du Markel Olanok, “Gipuzkoako enpresa sarea finkatu eta sendotzeko eta lurraldean sustraitzeko” estrategiaren barruan parte hartzea sustatzera bideratutako dinamikak bultzatzeko.


Foru Aldundiak Gipuzkoako ekonomia biziberritzeko helburuarekin martxan jarritako 2015-2019 Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan, Foru Arau bat garatzen ari da enpresetako kapitaletan langileak sartzea bultzatzeko. Era berean, enpresen inbertsioei laguntzeko finantza tresna berri bat aktibatu da Elkargi eta Oinarrirekin egindako hitzarmenari esker; hitzarmen horretan enpresetan parte hartzea sustatzeko proiektuei buruzko atal bat ere badago. Pasa den astean, berriz, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka departamentuak estrategia honetako hirugarren tresna bat aurkeztu zuen. Enpresei laguntzeko programa bat, alegia, 5,3 milioi euroko ekarpena egiten duena enpresetan pertsonen parte hartzea sustatu nahi duten proiektuentzat.

*Argazkiak: Gipuzkoako Foru Aldundia.

markel olano ahalduna alcortaforging elgoibar posean

markel olano ahalduna alcortaforging elgoibar azalpenak

markel olano ahalduna alcortaforging elgoibar