Elgoibarren eratu dute Espainiako Mekanizazio eta Transformazio Metalmekanikoaren Elkartea

Barren.eus 2016ko mai. 31a, 09:34

Espainiako Erreminta-Makina Egileen Elkarteak (AFM) sustatuta, Elgoibarren eratu dute Espainiako Mekanizazio eta Transformazio Metalmekanikoaren Elkartea (AFMEC). Mekanizazioan, galdaragintzan eta metala eraldatzen lan egiten duten enpresak batu eta horiei zerbitzuak eskaintzeko batu dira.

AFM elkartearen ekimen berria da Espainiako Mekanizazio eta Transformazio Metalmekanikoaren Elkartea (AFMEC). Joan den eguenean eratu zuten Elgoibarren. Arduradunen berbetan, mekanizazioan eta metalaren trasformazioan lanean aritzen diren enpresek “talde garrantzitsua” osatzen dute, Elgoibar eta inguruetan ere dexente daude, eta elkarte sortu berriaren babesean lehiakortasuna indartzeko moduan izango direla uste dute. Gainera, AFM barruan dauden gainerako enpresekin elkarlanean aritzeko aukera izango dutela nabarmendu dute. 

•Makina-erremintaren nazioarteko biurtekoa martxan da

Makina-erremintaren nazioarteko biurteko erakusketak atzo, astelehena, ireki zituen ateak Barakaldoko BEC erakustazokan. Mundu zabaletik etorritako bisitariek Elgoibarko makina-erremintari buruzko kabina dokumentatuak ikusi ahal izango dituzte erakustazokaren kanpoaldean. Izan ere, ekainaren 16ra arte egongo dira ikusgai gure tradizio industriala modu didaktikoan erakusten duten zazpi kabina, Elgoibarko kaleetan hilabeteetan izandako berberak. 29. biurteko azoka honek fabrikatzaile, inportatzaile, banatzaile eta erosle nagusiak bilduko ditu. Euskal Herriko topaketa industrialik handienean, 27 estatutako 1.533 enpresa erakusketari izango dira (horietatik 11 Elgoibar eta Mendarokoak). Guztira, 2.605 produktu eraman dituzte azokara eta tamaina handiko 1.163 makina ikusi ahal izango dira martxan. Antolatzaileen arabera, azokak 36 milioi euroko eragin ekonomikoa izango du. 

  • Elgoibarko bederatzi enpresa izango dira 29. edizio honetan: Unceta, Pixel Sistemas, Delteco, Cometel, Burgelu, Metrologia Sariki, Danobat, Mantenimiento Innovador Elgoibar XXI eta Goratu. Mendarotik, berriz, beste bi enpresa joan dira: MYL eta Urkunde. 

Nabarmendutako enpresak

Makina handien eta berritasunen artean, Elgoibarko bi enpresa nabarmendu ditu BIEMHren antolakuntzak. Alde batetik Danobaten LG-100 artezteko makina berria; gama horretako modelorik handiena da, konplexutasun handiko piezak ekoizteko sortua (mozteko erremintak, doitasun-osagai hidraulikoak eta automobilgintzako piezak, esaterako). Beste alde batetik, Goraturen Geminis GT7/R tornu berria nabarmendu du antolakuntzak. Geminisen tornu horizontalen gamako azkeneko berrikuntza da trenbide sektorerako. Ardatza eta gurpil muntatuak mekanizatzeko diseinatu eta sortu zuen Elgoibarko enpresak.

makina erre bienala ideko elgoibar urkullu