Baserri Mugikorrak girotuko du hileko azken zapatuko feria

Barren.eus 2016ko api. 27a, 09:30

Hileko azken zapatuko feria egingo dute zapatuan (apirilak 30). Umeek baserrietako abereak gertutik ezagutzeko aukera izango dute Kalebarren plazan jarriko duten Baserri Mugikorra tailerrean.

Elgoibarko Udalak eta Debemenek antolatuta, apirileko azken zapatuko feria egingo dute hilaren 30ean. Ohi duten legez, Elgoibarko hainbat baserritarrek eta ekoizlek saltokiak jarriko dituzte Kalebarren plazan (9:00etatik 14:00etara). Horretaz gain, Kale Kantariak taldeak euskal kantu herrikoiekin girotuko du feria eguna. 12:00etan hasiko dute kalejira Kalebarren plazatik. 

Baserri Mugikorra

Baserri Mugikorra ere 12:00etan zabalduko dute Kalebarrenen. Euskal Herriko baserrietako abereak nola bizi diren, zer jaten duten, ze eligagai ematen dizkiguten eta nola zaindu behar diren irakatsiko diete umeei baserriko abereen inguruko ikastaroan. Hainbat animali bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute gainera: ardiak, ahuntzak, untxiak, poniak, usoak, oiloak, MiniPig txerritxoak, artzain-txakurrak, antzarak eta ahateak, besteak beste. Horiei jaten eman, ukitu eta ponien gainean igotzeko aukera izango dute 14:00etara bitartean. 

•Skull Drivers taldekoen pintxoak

Jan edanerako aukera ere izango da ferian. Elgoibarko Skull Drivers motozale elkarteko kideek prestatu eta salduko dituzte Elgoibarko baserri eta harategietako produktuekin egindako pintxoak. 11:00etatik aurrera salduko dituzte Kalebarren plazan. Ganadu erakusketa ere egingo da, eguerditik arratsaldera bitartean, Aita Agirre plazan.

1782an sortu zen Elgoibarren hil bakoitzeko azken zapatuan nekazaritza eta abeltzaintza feria egiteko ohitura.

2016 04 25 zapatuko feria baserri mugikorra