Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an jarri zuen abian Gourmet Bag izeneko ekimena. Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak bultzatzen du, eta Impact Hub Donostiak gauzatzen du, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin lankidetzan. Helburu argi batekin jarri zuten martxan: ostalaritza eremuan ematen den elikagaien xahuketa murriztea; jatetxeetan eskatzen diren baina jaten ez diren elikagaiak ez xahutzea, alegia. Horretarako Gourmet Bag delakoak darabiltzate kanpainarekin bat egin duten establezimenduek, sobera geratzen den janaria etxera eramateko ontziak. Ontzi ekologikoak dira, paper birziklatuarekin egindakoak, eta mikrouhinean sartzeko modukoak.
Gourmet Bag kanpaina hasi zutenetik Gipuzkoako 21 herritako 112 taberna eta jatetxe inguruk bat egin dute elikagaien xahutzea murrizteko erronkarekin, “Eramandako jakia ez da soberakina” lelopean. Kanpainak kontzientziaziorako balio duela ere azpimarratu dute. Izan ere, bezeroei ontziez gain informazioa banatzen zaie; elikagaien xahuketaren aurka konprometitutako establezimenduak azkar batean identifika ditzaten.
Aurtengo edizioan, bosgarrengoan, proiektuak 25 establezimendu berri hartu ditu, Elgoibar, Zumarraga, Ordizia, Legazpi eta Oñatiko udalerrietan kokatuak. Gourmet Bag ekimen irekia da eta interesa zuten establezimendu guztiek har zezaketen parte. Elgoibarren lau ostalaritza establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, honakoek: Txarridunak, Lanbroak, Gabik eta Ibai Ondok. Establezimendu bakoitzean 80 Gourmet Bag banatu zituzten. Kanpainaren beste helburuetako bat da establezimenduetan ohikoak diren plastikozko ontzien ordez ontzi biodegradagarrien erabilera sustatzea, Gourmet Bag % 100 biodegradagarria eta konpostagarria den materialez osatuta dagoela zehaztu baidute.
Parte hartu duten establezimenduetako behargin eta arduradunek tailer labur bat ere jaso dute, gaiarekin sentsibilizatzeko. Horretaz gain, bereizgarriak eta informazioa emateko kartelak ere jarri dituzte establezimenduetan. Aurten, gainera, gourmet bag bat erabiltzen duten edo erabiltzeari uko egiten dioten bezeroei, paperean edo QR bidez galdetegi bat betetzeko aukera eskaini diete. Kanpaina bera irailean amaitu bazen ere, soberako jakiak etxera eramateko aukera izaten jarraituko dute bezeroek.
• Eneritz Burunza: "Kosta egiten dela errotuta dauden ohiturak aldatzea"
Gabi jatetxea da ekimenean parte hartu duen jatetxeetako bat eta balorazio positiboa egin du jatetxeko ugazaba Eneritz Burunzak. Hala ere, uste du kosta egiten dela errotuta dauden ohiturak aldatzea. "Badaude batzuk oso kontzientziatuta daudenak janari apurrik ere ez dela xahutu behar, eta platerean gutxi laga arren, eramateko kaxa eskatzen dute. Gehienek, baina, platerekoa amaitzen dute. Hori da gure ohitura, sabela beteta eduki arren, platera garbi lagatzeko ahalegina egiten dugu. Halakoxeak gara euskaldunak. Askok nahiago dute hori eramateko edukiontzia eskatu baino. Batzuek lotsa puntu bat ere badute, ez baita ohitura oso zabaldua oraindik. Edariekin ere berdin, gutxik eramaten dute erdi betea dagoen ardo boteila", azaldu du. Oraindik ere geratzen zaizkio "Gourmet Bat" batzuk eta amaitu artean bezeroei horiek eskaintzen jarraituko duela esan du Burunzak.